Erosketa hobarien neguko kanpainari hasiera emango zaio abenduaren 8an

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 1a, 00:00
Xabier Lertxundi, Patxi Ibarguren, Mertxe Jimenez eta Alex López, atzo, hobarien neguko kanpainaren aurkezpenean.

Abenduaren 8tik urtarrilaren 8ra, edota kreditua amaitu arte, herritar bakoitzak Ekhilur sistemaren bidez egiten dituen erosketa guztiei %20ko hobaria emango diete.

Atzo goizean aurkeztu zuten erosketa hobarien neguko kanpaina, Hernaniko Udalak, Ekhilurrek eta Berriak Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak. Hobaria %20koa izango da, eta Ekhilur sistemaren bidez jaso ahal izango da, abenduaren 8tik urtarrilaren 8ra bitartean, edota kreditua agortu arte.

Joan den irailean egin zen, herriko merkataritza eta Ekhilur sistema sustatzea helburu duen lehenengo kanpaina. Orduan, 30.000 euro bideratu zituen Udalak, eta modu honetara, 100.000 euro inguru zirkuituan sartzea lortu dute. Bigarren kanpaina honetan, Udalak beste 30.000 euro bideratuko ditu, tokiko komertzioa sustatze aldera.

Atzoko aurkezpenean, aditzera eman zuten 80 komertziok osatzen dutela zirkuitua: «Etengabe ari da merkatarien sarea haunditzen». Horrez gain, erabiltzaileak ere ugaritzen ari direla ere ziurtatu zuten: «Dagoeneko 370 dira».

Patxi Ibargurenek, Merkataritza Arloko zinegotziak, eman zuen kanpainaren helburuen berri: «Kanpainarekin nahi dugu ekhiaren erabilera sustatu Hernanin, eta herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera erraztu. Batez ere herritarrak erakarri nahi ditugu, eta Gabon hauetan erosketa guztiak herrian egin ditzaten sustatu nahi dugu». Eta horretarako, ekhietan egiten diren erosketa guztiei %20ko hobaria gehituko dio Hernaniko Udalak. Halaber, Ibargurenek azpimarratu zuen, lehen urtean erabiltzaile guztiak abalatuko dituela Udalak; «eta ez da bazkidetza ez mantentze kuotarik ordaindu beharko».

Ekhilur sarea haunditzen ari dela ere azpimarratu zuten atzo egindako aurkezpenean; izan ere, 80 establezimenduk eman dute izena dagoeneko. «Egunero eguneratzen ari da zerrenda hori, eta kide guztiak hernanin.eus plataforman daude identifikatuta. Clickoin aplikazioan ere kontsulta daitezke».

Mertxe Jimenez, Berriak Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko ordezkaria, pozik agertu zen Ekhilur sistemarekin. «Herriko dendetarako onuragarria dela ikusi dugu. Hasieran zalantza haundiak geneuzkan, baina orain ohartu gara ehkilur sistema oso tresna indartsua dela herriko dendak balioan jartzeko, hernaniarren erosketa ohiturak aldatzeko eta dirua herrian bertan gelditzeko».

Amaitzeko, Alex Lopez Ekhilur kooperatibaren arduradunak gehitu zuen, adineko pertsonen artean ere onarpen zabala izan duela sistemak: «Batzuek mugikorraren bidez egiten dute, eta beste batzuek, aldiz, giltzatakoa nahiago izaten dute. Giltzatakoa erabiltzen dute ordainketak egiteko, eta mugikorra bakoitzak bere kontuan duen diru kantitatea begiratzeko». Jarraian, Ekhilur sisteman izena emateko bideen berri eman zuten: «Online (ekhilur.eus) egin daiteke, oso modu errazean; Ekhilurren bulegoan (Kale Nagusiko 50garren zenbakian); Biteriko merkataritza bulegoan; edota Berriak elkarteko bulegoan».

Edonork eman dezake izena Ekhilurren: «Adin nagusiko Hernaniko herritarrek, komertzioek, eta enpresa guztiek, baita elkarteek ere. Sarea zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta indartusagoa izango da sistema, eta tokiko ekonomiarako onura haundiagoa izango du».


Izena emateko pausuak, 'ekhilur.eus' webgunean

Interneten bitartez izena emateko jarraitu beharreko pausuak, ondorengoak dira: ekhilur.eus webgunean sartu, eta 'bazkidetu' botoiari eman; jarraian, zure erabiltzaile eta pasahitza sortu, galdetegia beteta; zuk emandako helbide elektronikoan mezu bat jasoko duzu, eta bertatik, kontua balidatu beharko duzu, kanpainan parte hartzeko baldintzak onartuz; ondoren, eskatutako dokumentazioa igo, aplikazioa deskargatu, eta amaitzeko, ekhilur.eus webgunean edo sareko dendetan dirua kargatu, zure kontu berrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!