Kontzertua gaur Biterin, Deñek eta Mikel Morenok

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 30a, 00:00

Arratsaldeko 19:30etan izango da emanaldia, doan; eta gonbidapenak eskuragarri daude, Biterin eta interneten.

Katapulta Tour Gipuzkoa 2022 zirkuituaren barruan, doako kontzertua eskainiko dute gaur Biteri kultur etxean: Deñe kantautore gaztea eta Mikel Moreno musikari eta abeslaria izango dira taula gainean, 19:30etan hasita. Beste bi musikari ere izango dituzte lagun: Maialen Urretabizkaia teklatuarekin, eta Paula Moreno bateriarekin.

14 urterekin hasi zen Deñe bere proiektu musikala lantzen, eta Gaztea Maketa lehiaketan egin zuen publiko, 2020an. Pop musika egiten du, letrei garrantzia berezia emanda; eta bakarlari gisa hasi zen arren, orain taldean aritzen da.

Ibilbide luzeagoa daramaki Mikel Morenok. Gaztetatik aritu da musikaren munduan, Kauta taldearen sortzaile izan zen, eta 20 urtez egin du lan musika ekoizle esanguratsuenekin. Joan den urtean, bere bakarkako aurreneko lana kaleratu zuen, Esnatu baino lehen.

 

Gonbidapenak, eskuragarri

Kontzertura sarrera librea izango da, eta gonbidapenak eskuragarri daude Biterin bertan edota kultura.hernani.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!