Goikoetxearen eta Barrenetxearen porrotak, Segurolaren eta Larrañagaren aurka, Binakako Txapelketa estutu du

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 00:00

33-40 galdu zuten Goikoetxeak eta Barrenetxeak eta lehen postuan berdinduta daude bi bikoteak bederatzi punturekin.

Segurolak eta Larrañagak 33-40 irabazi zieten Goikoetxea V.ari eta Barrenetxea IV.ari Binakakoan eta sailkapena estutu zuten. Garaipen honekin irabazleek bederatzi puntu dituzte sailkapenean eta Goikoetxea eta Barrenetxearekin berdindu dute sailkapenean.

Partiduan zehar urdinek agindu zuten ia hasiera hasieratik. Segurolak eta Larrañagak partidu bikaina jokatu zuten. Ederki ulertu zuten elkar, eta txapelketa irabazteko hautagaitza aurkeztu zuten. Bost tantoko berdinketaren ostean urdinek ihes egin zuten. 10-17, 15-25 aldea ireki zuten eta 19-34 eta 23-38an hamabost tantoren tartea ireki zuten. Gorriek puntu negatiboa gertu zuten tanto gutxi egin baitzituzten, 26 tanto egin behar dira gutxienez punturik ez galtzeko, baina hortzak estutu zituzten eta pixkanaka aldea murrizten hasi ziren. Berandu zen irabazteko, baina puntu garrantzitsu bat eskuratu zuten.

 

Segurola izan zen lauetatik erremontistarik onena

Segurolak eroso jokatu zuen eta tanto ederrak egin zituen dejadaz eta bi paretaz. Larrañagak Barrenetxeari aurre egin zion eta atzelari hernaniarrari kosta egin zitzaion agintzea. Goikoetxeak ez zuen bere egunik onena izan.

Segurolak 18 tanto eta lau huts egin zituen. Larrañagak 15 tanto eta hiru akats egin zituen guztira. Goikoetxeak 12 tanto eta hiru huts egin zituen. Barrenetxeak ez zuen bere egunik onena izan sakearekin. 14 tanto eta lau akatsekin amaitu zuen. Tanto horietatik hiru baino ez ziren izan saketik eta saketik hiru akats ere egin zituen. Hutsegite horietako batek partidua itxi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!