Etzi jarriko dira salgai, abenduko eta urtarrileko emanaldietarako sarrerak, interneten eta aurrez aurre

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 00:00
Abenduaren 30ean kontzertua eskainiko du Izaro Andresek, 22:00etan.

Programazio aldaketaren bat ere izan da: abenduaren 18an eskaintzekoa zen Andoni Mutiloaren Sex Sua musikala atzeratu egin da, eta urtarrilaren 8an izango da, Milagrosan. 

Ostegunean sartuko gara urteko azken hilabetean eta makina bat kultur emanaldi prestatu dituzte, Hernanin. Emanaldietarako sarrerak erosteko aukera izango dute herritarrek etzitik aurrera, Biteriko leihatilan, edota kultura.hernani.eus webgunean. 

Asteburu honetako haur antzerkiarekin emango zaie hasiera, hilabeteko ekintzei. Glu-Glu konpainiaren eskutik, etxeko txikiek Munduari itzulia 80 egunetan emanaldia ikusteko parada izango dute, eguerdiko 12:30etan, Biterin. Horrez gain, abenduaren 28an ere, Kattagorriaren elezaharra haur antzerkia eskainiko du La Baldufa Teatrek, arratsaldeko 18:00etan.  

Aipatzekoa da, kultur jardueren artean, abenduaren 30ean, Izaro Andresek eskainiko duen kontzerturako sarrera gehiago jarriko direla salgai. Goizeko 09:00etan hasiko da salmenta, bai interneten eta baita aurrez aurrez ere. Abenduaren 22rako, berriz, 'Kepa Junkera Berpiztu. Renacer' dokumentala proiektatuko dute, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. 

Bestalde, programazioan, aldaketaren bat ere izan da. Abenduaren 18an eskaintzekoa zen Andoni Mutiloaren Sex Sua musikala atzeratu egin da, egun horretan, Bertso Txapelketa Nagusiko finala jokatzen baita. Emanaldia, beraz, urtarrilaren 8an izango da, Milagrosan. Horrekin batera, Gazteria Sailak antolatuta, abenduaren 29an, Maialen Lujanbioren eRRe, aldarri bat bertsoz ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek, Biterin. Emanaldi hau, dramatizatutako bertso paperek osatzen dute, eta antzerkiarekin batera, ipuin kontaketak eta poesiak izango dira genero ikuspegia ardatz hartuta.

EGITARAUA

ABENDUAK 3 

12:30 Munduari itzulia 80 egunetan, haur antzerkia. Biterin 

ABENDUAK 22 

19:00 Kepa Junkera Berpiztu dokumentala. Biterin 

ABENDUAK 28

18:00 Kattagorriearen elezaharra, haur antzerkia. Biterin. 

ABENDUAK 30

22:00 IZARO. Kontzertua. Kiroldegian. 

URTARRILAK 4

18:00 Pintto Pintto, haur antzerkia. Biterin 

URTARRILAK 8

19:00 Sex Sua. Milagrosan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!