Porrota jaso zuen atzo Hernanik Santanderren eta, beraz, zaila izango du igoera fasera sailkatzea

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 28a, 00:00
Beñat Iradi baloiarekin, Xabier Lukasi pasea egin aurretik. Argazkia: HCRE.

Une honetan, 16 punturekin, bosgarren doa Hernanin, eta aurretik dauzka lau talde horiek: Getxo (25 puntu), Independiente (22), Zarautz (21) eta Oviedo (17). 

Atzo partidu garrantzitsua jokatu zuten trikoloreek, izan ere, igoera fasera sailkatzeari begira, asko zegoen jokoan. Santanderren jokatu zuen Hernanik, Independienteren aurka eguerdiko 12:00etan. Trikoloreek ezin izan zuten Santanderreko taldea garaitu: 25-24. 

Bigarren minututik hasi ziren markagailuak martxan, Hernaniren aldeko zigor kolpearekin. Iker Carbajok jaurti zuen, eta partidua hasi bezain pronto, Hernani jarri zen nagusi (0-3). Partidua aurrera zijoala, Independienteren aldeko bi zigor kolperekin, etxeko taldeak aurrea hartu zuen. Jarraian Hernanik entsaioa egin zuen, baina atsedenaldia bukatzerako, Independientek beste 7 puntu lortu zituen (13-10). Bigarren zatia ere oso orekatua izan zen, markagailuan ere nabaritu zen (13-10; 13-17; 20-17; 20-24 eta 25-24). Hala ere, azken minutuetan, Independientek sekulako jokaldia egin zuen, eta partiduko garaipena etxean gelditu zen. 

Atzoko porrotak ondorio larriak ekarriko dizkio Hernaniri, asko zaildu baitzaio helburua. Une honetan, bosgarren postuan doa Hernani 16 punturekin eta aurretik Oviedo doa; igoera fasera sailkatzeari begira daude Getxo, Independiete eta Zarautz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!