Baionako saioa irabazita, Nerea Ibarzabalek ia ziurtatu du finalerako txartela

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 20:06

Markina-xemeindarrak saio borobila osatu du, eta 671,5 punturekin, aurrea hartu die Iruñearako azkeneko txartelak eskuratzeko beste hautagaiei. Beñat Gaztelumendi ere bertan izango da, ziur.

Hasierako agurretatik nabaritu da, Baionan, asko zegoela jokoan finalaurrekoen bigarren itzuliko saio horretan. Eta egin beharrekoak maisutasunez osatu ditu Nerea Ibarzabalek: saioa irabazi du, 671,5 punturekin; eta ia ziurtatu du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako txartela. Hernanin bizi den markina-xemeindarrak aurrea hartu die, azkeneko txartelak eskuratzeko beste hautagaiei, Aitor Bizkarrari eta Julio Sotori bereziki; eta Bilboko azkeneko finalaurrekoan Saioa Alkaizak edo Jone Uriak saio ikaragarria egiteak bakarrik utziko luke kanpoan: 682,5 eta 684 puntu behar dituzte, hurrenez hurren. Ariketa guztietan aritu da oso erregular Ibarzabal, zortziko haundian lortuta puntu gehien (150 puntu), eta inoiz erori gabe.

Final horretan egongo da, ziur, Hernaniko Bertso Eskolako beste kide bat: Beñat Gaztelumendi. Añorgarra hirugarren izan da Baionan, 656,5 punturekin; eta Alaia Martinekin eta Sustrai Colinarekin (bigarren Baionan, 668 puntu) batera, finalista ziurretako bat da.

Ale ederrak utzita esango dio agur txapelketari, aldiz, Unai Agirrek. Hernaniarrak epika baino gehiago behar zuen bigarrenez finalista izateko, eta ez du duela bost urtekorik errepikatu; baina saio polita osatuta bukatu du bere ibilbidea aurtengoan ere: bosgarren izan da, 639,5 punturekin.

Aho zapore garratzagoarekin atera da Eñaut Martikorena bere azkeneko saiotik, 584 punturekin seigarren; baina ikusentzuleen memorian gordeta geratuko den bertsokera eta estilo propio bat plazaratuta.

Itxuraz, ez dira hainbeste izango, Bilboko finalaurrekoan argitu beharreko zalantzak, datorren larunbatean. Aitor Mendiluzek eta Joanes Illarregik nahikoa dute saio txukun bat, finalista izateko; eta Amets Arzallusek dauka bere onena eman beharra, Julio Soto gainditzeko. Une honetan, Soto bera da zazpigarren txartela eskuratzeko tokian dagoena, Aitor Bizkarra puntu erdiko tartearekin gainditu ondoren. Gainerakoan, aipatu bezala, Saioa Alkaizak eta Jone Uriak saio bikaina beharko lukete, aukerarik izateko. Eta horretarako aukerarik gabe dago Maddalen Arzallus, Bilboko seigarren bertsokidea, dagoeneko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!