Ekonomia zirkularra sustatzeagatik saritua, Hernaniko Lanbide Heziketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 27a, 00:00

Hernaniko Lanbide Heziketako ikasleak eta irakasleak, jasotako diplomarekin. Eskuinean, José Ignacio Asensio.

José Ignacio Asensioren bisita izan zuten Hernaniko Lanbide Heziketako ikasleek: «ezinbestekoa da ekonomia zirkularraren ikuspegia txertatzea gure gazteetan».

Hondakinak Prebenitzeko Europako astearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 'Ekonomia zirkularra modelatuz' eskulturaren erakusketaren laugarren edizioa jarri zuen martxan. Ekintza honekin, asmoa zen islatzea lanbide heziketako gazte gipuzkoarrek hondakinak prebenitzeko eta behar bezala kudeatzeko burutzen dituzten jarduketak ikusaraztea, ekonomia zirkularra sustatzeko. «Hartara, helburua da filosofia honen inguruan sentsibilizazioa sortzea Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetako ikasleen artean».

Joan den ostegunean, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak ekitaldi bat egin zuen, laugarren edizio honetan parte hartu zuten 12 ikastetxeei diplomak emateko, eta tartean aurkitzen zen Hernaniko Lanbide Heziketa. 

Guztira 12 ikastetxek hartu zuten parte, eta bertako ikasleek, beren irakasleen babesarekin, material birziklatuekin egindako eskulturen inguruko hausnarketa eta diseinua lantzeaz gain, eskulturak ere burutu zituzten. Ikasleek egindako lan guztiak ikusgai daude Donostiako Boulevardeko Ugartemendia plazan dagoen 'GK Recyling' karpan. 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak aintzatespen ekitaldian aipatu zuen garrantzitsua dela honakoa: «ekonomia zirkularraren ikuspegia txertatzea gure gazteen hezkuntzan, lurraldearen etorkizuneko talentuak formatzeko jasangarritasun politikoetan eta etorkizuneko erronken inguruko kontzientzia eta sentsibilizazioa sortzeko».

 

6.500 lanpostu, Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du, ekonomia zirkularra ingurumen departamentuaren helburu estrategiko bat dela: «hondakinak murrizteko eta lehengai gisa erabiliko dituen sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko. Gaur egun sektore horrek 6.500 lanpostu sortzen ditu Gipuzkoan, eta 1.425 milioi euro fakturatzen ditu, gure BPGd-aren % 5,3; 650 milioi euro baino gehiagoko eragin zuzena du Gipuzkoako ekonomian». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!