Nolakoa da zuen lana?
Egunaren lehenengo orduetan sartzen dira okinak, obradorera, goizeko 03:30etan. Guztira bost okin daude, eta txandaka banatzen dute lana. Esterako: bat sartzen da 03:30etan, beste bat, aldiz 05:00etan... Okinak sartzen dira aurrenekoak, eta gero etortzen dira gozogileak. Denda irekitzen dugu goizeko 05:30etan, taberna batzuk oso goiz irekitzen dutelako, besteak beste. Banaketa ere ordu berean hasten da. Baina goiz hasten gara funtzionatzen, labeak piztu, ogia egin... Horrez gain kafeak ere ematen ditugu, beraz, gure egunerokotasunak egurra du!
Bezeroen gehiengoa, hernaniarra da? Zein adinetakoak?
Bai, orokorrean hernaniarrak dira. Akarregiko dendaren kasuan denetik dago, izan ere, hemen inguruan beste herrietako jendeak egiten du lan, eta kasu horretan, etxerakoan eguerdian ogia hartzen dute tolosarrek, oñatiarrek... Gehienbat hernaniarrak dira. Eta esango nuke zentroan daukagun komertzioko bezeroak bai direla ia denak hernaniarrak.
Adin guztietako bezeroak dauzkagu. Eta hemen, Akarregin, gehiengoak dira gizonezko gazteak eta helduak. Zentroan herritar helduagoak ibiltzen dira.
Zein da zuen lanaren alderdi onena?
Alderdi ona da herritarrekin tratua. Oso jende ona etortzen zaigu gurera, beraz, herritarrekin daukagun harremana asko gustatzen zaigu.
Eta txarrena?
Argi eta garbi, ordutegia. Egunero-egunero egiten dugu lan, eta hau guztia etenik gabe eramatea ez da lan erraza. Ezin dugu bapatean esan: astelehenean jai hartuko dut. Urtean bi egunetan ixten dugu, beraz, gure lanaren alderdi txarrena horixe da, gurpilak jarraitu behar du bueltaka, eta ezin du gelditu. Egia da batzuetan gogorra egiten dela.
Gabonak ate joka dauzkagu... Zer nolako salmentak izaten dituzue data hauetan?
Batez ere erregetako roskoak. Gainera, dagoeneko hasi gara roskoak saltzen. Hilabete hauek, izaten dira kaotikoak, baina guretzat negua ederra izaten da, salmenta aldetik.