Barrenetxeak eta Goikoetxeak aukera gaur, finalera pauso haundia emateko

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 00:00
Endika Barrenetxea hernaniarra, aurreko partidu batean.

Segurolaren eta Larrañagaren kontra ariko dira, 16:30etan Galarretan, lidertza sendotzeko asmoz.

Primerako aukera daukate gaur Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Ander Goikoetxea urnietarrak, finalera bidean pauso haundia emateko, Binakako Txapelketan. Ligaxkako hirugarren partidua jokatuko dute, Beñat Segurolaren eta Iban Larrañagaren kontra, 16:30etan hasita Galarretan.

Sailkapeneko buru dira Barrenetxea eta Goikoetxea, 8 punturekin; eta haiekin berdinduta daude Ansa II eta Juanenea, baina partidu bat gehiago jokatuta, hiru. Atzetik, 5 punturekin daude Segurola-Larrañaga eta Ezkurra II-Martirena bikoteak, biak ere bi partidu jokatuta. Hori horrela, ia erabakigarria izan daiteke gaurko partidua irabaztea, hernaniarrarentzat eta urnietarrarentzat, finalera pase zuzena emango duen aurreneko postu hori lortzeko. Izan ere, nahikoa lukete azkeneko partiduan 32 tanto lortzea, finalera sailkatzeko.

Maila ederrean aritu dira biak, orain arte jokatutako bi partiduetan; baina ia hilabete da azkeneko partidua jokatu zutela txapelketan, eta hori zama izan daiteke haientzat. Urriaren 29an jokatu zuten elkarrekin, azkenekoz. Edonola ere, ez dira geldirik egon, Barrenetxea bereziki: astero jokatu du partidu bat hernaniarrak, erritmoa mantentzeko; eta hirutik bi irabazi ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!