Begiak Baionako finalaurrekoan jarrita bihar, Hernaniko bertsozaleek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 25a, 00:00
Unai Agirre, Elizondon, finalaurrekoen aurreneko itzulian.

Bertan ariko dira Unai Agirre, Eñaut Martikorena, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendi.

Bihar jokatuko da, Baionako Lauga kiroldegian, finalaurrekoen bigarren itzuliko beste saio bat, Bertsolari Txapelketa Nagusian. Eta berezia izango da Hernaniko bertsozaleentzat. Izan ere, bertan ariko dira Unai Agirre eta Eñaut Martikorena herritarrak; Nerea Ibarzabal, Hernanin bizi den markina-xemeindarra; eta Beñat Gaztelumendi, Hernaniko Bertso Eskolan ikasitakoa.

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da saioa, eta Sustrai Colinak eta Julio Sotok osatuko dute seikotea. Aurreneko itzuliko puntuazioak kontutan hartuta, helburu ezberdinekin ariko dira bertsolariak. Gaztelumendik nahiko bideratuta dauka finalerako pasea, baina beste saio on bat behar du, Colinak bezalaxe. Ibarzabalek, berriz, saio borobila osatu beharko du gaur, finalerako azkeneko txarteletako bat eskuratzeko, eta Soto gainditu beharko du lehia horretan, besteak beste. Agirre eta Martikorena, ordea, finalera sailkatzeko aukerarik gabe daude, baina gozatuta eta bertsozaleak gozarazita esan nahiko diote agur txapelketari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!