'Zero grabitatea' erakusketa ikusgai gaurtik, maiatzaren 1era arte, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 24a, 00:00
Estela Solana, Chillida Lekuko erakusketen arduraduna, erakusketa aurkezten.

Erakusketarekin batera, jarduera paraleloen programa bat osatu du Chillida Lekuk; besteak beste, bisita gidatuak eta familientzako tailerrak.

Chillida Leku museoak Zero grabitatea erakusketa inauguratuko du gaur, eta maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai. Eduardo Chillidak grabitatearen fenomenoa eta horren aurkako borroka esploratzeko erabili zituen zenbait lan biltzen dituen erakusketa da, hain zuzen ere. Atzo eman zituzten erakusketaren xehetasun guztiak, Chillida Lekuko Zabalaga baserrian.

Estela Solanak, Chillida Lekuko erakusketen arduradunak, ha­la azaldu zuen: «Grabitatearen aurkako borroka hori 1950eko hamarkadaren amaieran hasi zen sumatzen, eskulturak sabaitik zintzilikatzen hasi zenean, bai Yunque de sueños seriean, eta baita 1960ko hamarkadaren amaierako Haizearen orrazia serieko eskulturetan ere; horren goikaldea haizeari adartutako egitura bat da».

Luis Chillidak, Eduardo Chillida zenaren semeak, honakoa gaineratu zuen aurkezpenean: «nire aitak fisikako terminoak sortzeko askatasuna sentitu zu­en, kontzeptu espiritualak, mistikoak edota poetikoak deskribatu nahi baitzituen».

Ohi bezala, erakusketarekin batera, Chillida Lekuk jarduera paraleloen programa bat osatu du. Horren baitan, hainbat bisita gidatu ere egingo dira, eta neguko solstizioa ospatzeko, kontzertu bat antolatu dute abenduaren 16rako, Chillida Lekun. Rafa Ruedak bere azken proiektua aurkeztuko du kontzertu horretan: Rueda.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!