Kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko, martxan da Energiaren Udal Bulegoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00
Xabier Lertxundi, Fermin Arruabarrena, eta Tamara Zapiain, bulego berrian.

Energia bulegoa Gabriel Zelaia erakinean egongo da, beheko solairuan; eta aurrez aurreko arreta ordutegia honakoa izango da: astearteetan eta ostegunetan, goizeko 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldeko 15:00etatik 18:00etara.

Atzo aurkeztu zuten Energiaren Udal Bulego berria, kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko asmotan. Herritarren eta enpresen zerbitzura dagoen aholkularitza bulego hau Gabriel Zelaia eraikinean egongo da, beheko solairuan eta Enherkom energia berriztagarrien aldeko kooperatibako adituek kudeatuko dute udal zerbitzua. 

Xehetasun guztien berri eman zuten atzo Xabier Lertxundi alkateak, Tamara Zapiain Energia Arloko udal arduradunak eta Fermin Arruabarrena Enherkomeko kide eta energia gaietan adituak. Lertxundik hartu zuen aurreneko hitza, ondorengoa aipatuz: «Energiaren alorrean jasaten ari garen krisia larria da; gure eguneroko bizimodua ere aldatu egin du. Gure fakturak nabarmen igotzen ari dira, eta horrek gure ohiturak aldarazi dizkigu. Gainera, herritarroi iristen zaigun informazioa etengabe aldatzen ari da, gehienok nahastuta gaude eta ez dugu argi zein aukera ditugun eta zein den komenigarriena. Zalantza horiek guztiak argitzeko eta energiaren alorrean dauden aukerez informazioa jasotzeko Energiaren Udal Bulegoaren zerbitzua herritarren eskura jartzea behar-beharrezkoa ikusi dugu».

Horrez gain, Lertxundik azpimarratu zuen, ireki berri den bulego hau Udalak duen Energia Planaren baitan aurreikusita dagoela, eta honekin osatu nahi dutela Hernani Burujabe proiektuarekin abiatu den bidea: «herritarrek energiaren inguruan, ahalduntzea eta hartzen ditugun erabakiak ezagutzarekin egin ahal izatea. Jakitea benetan zer duten kontratatuta, ea gomendagarria den, edo zein beste aukera dauden».

Era berean, Lertxundik energia berriztagarriak ekarri zituen gogora: «inoiz baino beharrezkoagoa da energia fosilekiko menpekotasuna gainditzea eta berriztagarrien aldeko pausua ematea». Eta gehitu du, horretarako ezinbestekoa dela ohiturak aldatzea: «baita aurrerapen teknologikoez baliatuta kontsumoa jaistea ere, hala nola led kaleko argiztapenean, udal erakinetan... Eta erronka guzti horiei helduko diegu Hernanin».

Jarraian, Lertxundik Tamara Zapiaini pasa zion hitza: «erronka hori dator Hernaniko Energia Jasangarriaren Ekintza Planaren 3garren ildoarekin; Energia berriztagarriarekin, hain zuzen». Zapiainek argi azaldu zuen zein den bulegoaren helburua: «herritarrei eta enpresei energia berriztagarrien ezagutza hurbiltzea eta horien erabilera sustatzea: trantsizio energetikoan eman behar diren urratsetan lagunduz». Era berean, azpimarratu du, besteak beste, diru-laguntzei eta energia aurrezteari buruzko gaietan laguntza teknikoa ematea ere badela xedeetako bat. 

Zapiainen ostean, Fermin Arruabarrenak hartu zuen hizlariaren testigua, eta bulegoak eskainiko dituen zerbitzuez eta ordutegiez jardun zuen: «Aurrez aurreko arreta ordutegia, goizeko 10:00etatik 13:00etara; eta 15:00etatik 18:00etara izango da. Eta Energia Bulegoan honako zerbitzu hauek eskainiko dizkiegu, bertaratzen diren herritar zein enpresei, besteak beste: komunitate energetikoaren eta bazkidetzaren informazioa; faktura energetikoa optimizatzeko aholkularitza zerbitzua, eta baita fakturaren azalpena ere; diru-laguntzen inguruko informazioa; birgaitze energetikoa, hala nola, aukerak, ezaugarriak eta diru-laguntzen aukerak; teknologia berriztagarrien inguruko informazioa eta ezaugarriak azaltzea; eta hitzaldiak eta formazio saioak ere antolatu dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!