Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da liburua argitaratu du Bizipoza elkarteak, Amagoia Mujika Telleria hernaniarrak idatzitakoa. Aurreko astean aurkeztu zuten, Usurbilgo Potxoenea kultur aretoan.
Peio Manterola Pavoren ikerketa lanean oinarritu da idazle hernaniarra, liburua osatzeko. «Peioren lan marduletik abiatuta sortu da liburu hau. Handik ateratako hari matazetatik tiraka jositako gogoeta sorta bat da. Ez du erantzunik ematen, galderak jartzen ditu mahai gainean», azaldu du Amagoia Mujikak: «Ongizate Estatua deitutakoak josi duen sare publikoak ez du balio herritar guztien beharrak asetzeko. Sarearen zuloetatik labaintzen dira haur askoren eskubideak. Beraz, denon ongi izatea, denon ongi bizitzea, ziurtatzen ez duen mundua da».
Horren harira, idazleak gaineratu du sarearen «zulo horien ondorioz» sortu direla Bizipoza elkartean bat egin duten elkarte ezberdinak. Horixe da liburuaren haria, eta horren gainean jarri ditu galderak. Horien artean, bada galdera bat nagusia, Mujikak berak nabarmendu duenez: «Munduak guztiontzat beharko luke? Eta hala bada, zer falta zaio guztiontzat izateko? Eta nori dagokio falta zaiona ematea?».
Peio Manterolak, bere aldetik, kontatu du nolakoa izan zen ikerketaren hasiera: «Joxe Garmendia, EHUko irakaslea, etorri zen masterreko gelara, Bizipozaren inguruan burutu nahi zen ikerketa baten berri ematera. Hasieratik izan genituen argi lanaren oinarriak. Elkarteei protagonismoa eta hitza ematea, eta beraien bizipenak haurren eskubideekin uztartzea, betiere instituzio publikoen eginbeharrak eta bere gain hartu beharko lituzketen gaiak aintzat hartuta». Hori horrela, metodologia denborara, pandemiaren egoerara eta eginbeharrera egokitzeko, galdetegi kualitatiboa helarazi zieten Bizipoza osatzen duten elkarteei. Eta horren abiapuntua, Leire Elizegik eta Joxe Mari Auzmendik emandako premisa izan zen, Manterolak nabarmendu duenez: «Elkarteak sortzen badira, bete gabeko beharrak daudelako da».
Bizipoza elkarteko koordinatzailea da Leire Elizegi Beloki, eta azaldu du, «azken urteetako lanaren emaitza» dela argitaratu berri duten liburua; eta aldi berean, «aurrera begira Bizipozaren ibilbidearen oinarria izango den erreferentzia ere bai. Guztiontzat izan beharko lukeen mundua eraikitzeko bidean, garrantzitsua da elkarrekin aritzea elkarteak, instituzioak, herritarrak eta gizarte eragileak. Bizipozaren egunerokoa da, elkarteen errealitateak eta transmititzen dituzten balioak zabaltzea eta gizarteratzea».
Zaintza sistema publiko-komunitarioaz, jardunaldia larunbatean
Liburua argitaratu berri, jardunaldia ere antolatu du Bizipozak, larunbat honetarako, Usurbilgo Sutegi aretoan: Zaintza sistema publiko-komunitarioa; elkarrekin hausnartzen, partekatzen eta eraldatzen. Bertan, aukera izango dute hainbat galderaren inguruan «elkarrekin hausnartzeko eta guztiontzako beharko lukeen mundua eraikitzeko bidean nola eragiten jarraitu definitzeko», Leire Elizegik azaldu zuenez.
Jardunaldian parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik: labur.eus/bizipozajardunaldia webguneko formularioa beteta, edo bizipoza@bizipoza.eus helbide elektronikora idatzita. Partehartzaileei, liburua emango diete jardunaldian bertan. Bestela, salgai egongo da Durangoko Azokan, 10 euroan; eta bizipoza@bizipoza.eus helbidera idatzita ere eskatu daiteke.