Euskal Ligako nesken taldea etxean, gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 19a, 00:00

Hernanik Lekeitio izango du aurkari, 18:00etan, kiroldegian. Euskal Ligako mutilen taldeak Lasarte-Orian du zita. 

Hernanin dauka hitzordua, gaur, Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Lekeitioko Marierrota taldea izango du aurrez aurre jardunaldi honetan, kiroldegian, arratsaldeko 18:00etan hasiko den partiduan.

Ezin hobeto hasi dute txapelketa hernaniarrek, eta jokatutako hiru partiduetan lortu dute garaipena. Joan den asteburuan, Galdakao indartsuaren kontra 3-1 gailendu ziren, eta goiko postuen lehian egon daitezkeela erakutsi zuten. Oraingo honetan ere, ez dute partidu erraza izango, hirutik bi irabazi baititu Marierrotak; baina herriko zaleen laguntzarekin, bizkaitarrei irabaztea izango dute helburu, laugarrena lortzeko.

Euskal Ligako mutilen taldeak, berriz, etxetik kanpo jokatuko du asteburu honetan, baina etxetik gertu. Izan ere, Lasarte-Orian ariko dira, Ostadarren aurka. Bihar dute partidua, goizeko 11:00etan; eta garaipenarekin bueltatu nahi dute hernaniarrek, seitik sei galdu baititu Ostadarrek, orain arte. Hernanik garaipen erosoa lortu zuen aurreko asteburuan, Gasteizko Jatorkide taldeko gazteen kontra, eta sailkapenaren seigarren postura igo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!