'Industriako emakume langileen pasealekua' Hernaniko ibilbide morearen geltoki izango da

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 19a, 00:00

Ostegunean inauguratu zuten 'Industriako emakume langileen pasealekua'.

Inaugurazioarekin batera, industrian lanean jardun zuten emakumeei omenaldi txiki bat egin zieten. Pasealekuan, argazki instalazioa ondu du Gari Garaialdek, tokiko lau argazki zaharrekin.

Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, kale izendegian berdintasuna sustatzeko asmoz, hainbat kale eta plazari izena aldatzeko proposamena egin du azken urteetan. Proposamena aintzat hartuta, 2021eko ekainean, Udaleko Osoko Bilkurak aho batez erabaki zuen Industriako emakume langileen pasealekua izena emango zitzaiola Akarregiko industriagunearen ibai ertzeko pasealekuari.

Hori horrela, joan den ostegunean inauguratu zuten pasealekua, eta argi utzi zuen Berdintasun kontseiluak, Hernaniko ibilbide morearen geltokia izango dela. «Izan ere, Andre Kale, Carmen Adarraga parkea, Azaroak 25 plaza, 'Moio' kalea edota Ibarrolaburu Lorenza plazaren ondotik dator izendapen hau». 

Pasealekuaren hasieran, industriako emakume langileei omenaldia egiteko, argazki instalazioa ondu du Gari Garaialdek, tokiko lau argazki zaharrekin, eta «plazerra» izan dela nabarmendu du egileak. Inaugurazioarekin batera, industrian lanean jardun zuten emakumeei omenaldia egin zieten ekitaldian.

 

Industriako emakumeak erdigunean jarri, eta haien lana eta grina goraipatu

Ixiar Pagoagak ere hartu zuen hitza ekitaldian, eta industriako emakumeak erdigunean jartzeaz gain, haien lana eta grina goraipatu zituen: «Lana, lana eta lana; eta etxera iristerakoan ere, etxeko lanak eta familiako kideen zaintza zuten zain. Izan ere, hori zen emakumeen betebeharra. Frankismoaren amaieran, langile klasea, eta emakumeak zehazki, antolatzen eta borrokatzen hasi ziren, eta egun lortutako eskubideen oinarrian daude orduko borroka haiek. Emakumeak euren zapalkuntzaz jabetu, eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen hasi ziren garai horretan. Langileen arteko batasuna eta elkartasuna ezaugarria zen eta erresistentzia kutxen bidez luzeak izan ziren orduko greba mugagabeak. Bereziki esanguratsua izan zen Hernaniko Papelera de Zicuñaga S.A. lantegiko emakumeek, soldata jaitsi zietelako eta baldintza duinak eskatuz, 1967an abiatutako greba».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!