Asteartean emango diote hasiera antzerki zikloari, eta ostegunera arte luzatuko da, hiru antzezlanekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 19a, 00:00

'Hondamendia' antzerkiak irekiko du antzerki zikloa, asteartean.

'Hondamendia', 'El rey tuerto' eta 'Semea motelago ibiltzen da soilik' izango dira obrak. Sarrerak eskuragai daude Biteriko leihatilan eta 'kultura.hernani.eus' webgunean.

Hiru egun eta hiru antzezlan. Horixe da antzerki zikloak hilabete honetarako eskainitako egitaraua. Asteartean emango diote hasiera programari, eta ostegunean aurkeztuko dute azken obra. Antzezlan guztiak arratsaldkeo 19:30etan izango dira, eta sarrerak salgai jarri zituzten, azaroaren 2an, kultura.hernani.eus webgunean zein Biteriko leihatilan. Bakoitzak 8 euro balio ditu eta, horrez gain, bonoa lortzeko aukera ere izango da. Hori bai, bonoa eskuratu nahi dutenek soilik Biterin izango dute horretarako aukera. 

Betiko moduan, obra batzuk euskeraz izango dira eta beste batzuk, berriz, gaztelaniaz. Asteartean, oholtza gainera igoko dira Artedrama eta Axut! konpainietako antzezleak. Tartean izango da Maite Larburu hernaniarra, antzezle lanetan ez ezik, musikari gisa ere ariko dena. Hondamendia izeneko antzezlana aurkeztuko dute, euskeraz. Zeresana eman duten hainbat gai plazaratuko dituzte, Zaldibargo  zabortegian gertatutakoa edota mundua geldiarazi zuen pandemia, kasu. 

Asteazkenean, El rey tuerto obra aurkeztuko du In Extremis taldeak. Hausnarketarako tartea ireki du sinopsiak, ezbairik gabe: «Zer gertatuko litzateke antidisturbios bat aurrez aurre topatuko balitz bere indarkeriaren biktimarekin, beste testuinguru batean, manifestazioaren kaosetik urrun, lagunarteko afari batean, adibidez? Uste sendoen hauskortasunari buruzko komedia garratza da».

Ostegunean, Semea motelago ibiltzen da soilik antzezlana ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek, Tanttaka teatroaren eskutik. Gai latza zein hunkigarria aurkeztuko dute, antzerki zikloaren azken saioan: «Mia ezinbesteko emakume bat da, beste asko bezala; ezinbestekoa bere etxeko eguneroko bizitzan. Bere deabruen aurka borrokatzen da, ama, aita, alaba eta senar disidentea zaintzen dituen bitartean, baina indar haundiena Branko semearengan jartzen du, pixkanaka mugikortasuna galarazten dion izen gabeko gaixotasuna baitu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!