«Portu auzoa beste behin ere ahaztu egin dute» dio, besteak beste, Podemosek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 18a, 00:00

Kale garbigailu elektriko berriari buruzko iritzia ere plazaratu du talde moreak.

Elkarrekin Podemosek, Leoka «leku enblematikoa» ekarri du gogora: «Garbitokia eta Santiago bideko iturria. Lastima edateko urik ez izatea. Bikain zaharberritzea, batez ere, ur-ekarria agerian uztea». Hala ere, alderdi moreak dio ez duela ulertu zergatik egon den lau hilabetez itxita: «eta ez dugu ulertzen zergatik dauden putzuak, ur-iragazketak eta algak argi-foku batetik zintzilik».

Leokaz gain, tren geltoki berriaz ere jardun du Elkarrekin Podemosek: «prentsan ikusi ahal izan genuenez, gure alkateak, Espainiako Gobernuaren ordezkariak eta Renfeko agintariek geltoki berria inauguratu zuten. Pozik daude irisgarritasunagatik, baina 2garren andenera sartzeko igogailuak bi hilabete daramatza funtzionatu gabe. Horrez gain, markesinek hormarik ez dute, eta beraz, euria egiten duenean jendea busti egiten da eta eskailerak putzuz betetzen dira. Eguzkia egiten badu, ordea, ez dago non babestu». Era berean, Elkarrekin Podemosek azpimarratu du obra berriak Karabel auzoa hobetzen duela, baina Portu auzoa «beste behin ahaztu egin dute».

Moreek kale garbigailu elektriko berriari eta plazako iturriari buruzko iritzia ere plazaratu nahi izan dute: «asko tematu ondoren, badirudi erraztegailu elektriko txiki bat erosiko dela. Beraz, goizak isilagoak izango dira. Plazako iturriari dagokionez, bi urte eta erdian apurtua egon ondoren, iturriz aldatzea erabaki du Udalak».

Amaitzeko, honakoa gehitu du Elkarrekin Podemosek: «udal hauteskundeak gertu dauzkagu eta inaugurazioak etengabeak izango dira. Espero dezagun maila hobetzen joatea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!