Erraustegiari buruz ToxicoWatchek egindako ikerketaren aurkezpena, etzi

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 00:00

Zubietako erraustegiaren kutsadura ikertu zuen 2021ean, eta hori aurkeztuko dute Hernanin, larunbatean, 11:00etan Biteri kultur etxean.

Zubietako erraustegiaren kutsadurari buruz, ikerketa egin du Holandako ToxicoWatch fundazioak, 2021ean bildutako laginekin. Eta ikerketaren txostena, Hernanin aurkeztuko du etzi, larunbatarekin, Hernanin Zero Zaborrek antolatuta: Biterin izango da, 11:00etan hasita; eta Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kidek emango dituzte datuak eta emaitzak, Zer dakigu Zubietako erraustegiaren kutsaduraz? izeneko hitzaldian.

Hernanin izan ziren ToxicoWatch fundazioko ordezkariak 2019an, eta bertan aurkeztu zuten Holandako Harlingen hiriko erraustegiaren kontrolean egindako lana, herritarrei azaleratzeko «erraustegiko arduradunek kontrolik gabe utzitako edo apropos ezkutatutako kutsadura». Ordutik, gauza bera egiten aritu dira Zubietako erraustegiaren inguruan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Zubieta Lantzen elkarteak eskatuta. Hori finantziatzeko, diru bilketa egin zuten herritarren artean, eta hainbat udali dirulaguntza eskatu.

Erraustegia martxan jarri au­rreko egoera analizatu zuten lehenengo, eta honakoak aztertu: inguruko oilategi batzuetako arrautzak, inguruko ura, errekako lohia, landare eta zuhaitzen hostoak, goroldioa... 2020an eta 2021ean berriro egin zuten neurketa, bildutako lagin berriak laborategian analizatuz. Duela gutxi bukatu dute txostena, eta aurreratu dutenez, «datu kezkagarriak» jasotzen ditu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!