Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, gaur arratsaldean Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 00:00

19:00etan jarri dute hitzordua Atsegindegin, eta txupinazoa botako dute, denek batera txapa janzteko. Musika eta pintxoak ere izango dira.

Bihartik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, baina gaur bertan emango diote hasiera. Euskal Herriko hirietan egingo dituzte ekitaldiak, gaur arratsaldean; eta gonbitea luzatu diete herrietako batzordeei ere, bat egiteko.

Hori horrela, Hernanin ere egingo dute hasiera ekitaldia, eta iluntzeko 19:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin. Ordu horretan botako dute txupinazoa, denek batera janzteko ahobizi edo belarriprest txapa.

Gainera, Euskaraldiari hasiera emateko testua irakurriko dute, eta ez dira faltako musika eta pintxoak. Argazki erraldoia ere aterako dute.

 

Izena emateko, azken eguna

Gaurkoa da, hain juxtu, Euskaraldian izena emateko azkeneko eguna: izenematea.euskaraldia.eus webgunean egin daiteke. Behin apuntatuta, nork bere herrian jaso dezake txapa: Goizuetan, esaterako, Amaia kafetegian eta Estankoan; eta Hernanin, Dobera Euskara Elkartearen egoitzan (Larramendi kalea 11, behea).

15 eguneko ariketa soziala izango da Euskaraldia, eta euskeraz aritzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko, Hitzez ekiteko garaia da lelopean. Partehartzaile guztiei luzatu diete deia, nork bere buruari erronkak jarri eta horiek betetzen saiatzeko, aurrerapausoak emateko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!