Komikigileentzat festa, zaleentzat pagotxa eta zale ez direnentzat murgiltzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 00:00

Hernanikomik egitasmoaren antolakuntzan aritu direnetako batzuk, atzoko aurkezpen ekitaldian, udal liburutegian.

Hernanikomik azoka jarriko dute bihar eta etzi, Atsegindegin. Komiki berrien aurkezpenak izango dira, eta Joseph Camino saria jasoko du Jon Zabaleta komikigile hernaniarrak, bertan.

Euskal komikigintzaren hiriburu bilakatuko da Hernani datozen egunetan. Hernanikomik azoka antolatu dute, biharko eta etzirako, Hernaniko Udalak, Harriet argitaletxeak, Xabiroi aldizkariak eta Gaueko komiki dendak. «Auzolana» izan du ardatz, eta hernaniarrei zein inguruko herrietakoei «aukera paregabea» eskainiko diete, komikiaren unibertsora gerturatzeko. 

Atsegindegin jarriko dute azoka, eta bederatzi postu izango dira: Astiberri, Harriet, Xabiroi, Elkar, Gaueko, Dobera Euskara Elkartea, Gureberriak, Jo Ta Ke Ekoizpenak eta Nabarralde. Eta horrekin batera, izango dira irakurketa txokoa, gaztetxoentzako tailerrak, eta Jon Zabaletari eskainitako erakusketa. Izan ere, protagonismo berezia izango du ilustratzaile hernaniarrak azokan: Joseph Camino saria jasoko du larunbatean, «bere ibilbide luze eta obra oparoagatik», Mikel Begoña gidoilari eta liburuzainak azaldu zuenez. Komikigileak ere egongo dira postuetan, komikiak sinatzen, hala nola, Aritz Trueba, 'Natasha' komikiaren egilea, Gauekoren postuan; Axpi Doberarenean; Dani Fano, Alex Sanvicente, Susanna Martin...

Atzo egin zuten Hernanikomik egitasmoaren aurkezpena, Hernaniko udal liburutegian, Mikel Begoñak berak, Koro Etxeberria zinegotziak, Rakel Gonzalez liburutegiko arduradunak, Dani Fano komikigileak, Harriet argitaletxeko Koro eta Gregorio Murok, eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak.

«Bazen garaia, euskal komikigintza erdigunean jarriko duen azoka bat izateko»

Egitasmoari ongietorria eman zion Koro Etxeberriak, eta nabarmendu zuen, komikia hitza bera oso ezaguna zaigun arren, «hitz horren atzean unibertso haundi eta aberatsa» dagoela, azokan ezagutu ahal izango dutena herritarrek.

Zentzu horretan, Rakel Gonzalezek azaldu zuen liburutegian badagoela komikientzako atala, Gaueko komiki dendarekin harreman estuan eguneratzen dutena: «Komikizale asko dauzkagu, eta oso leialak; baina guk ez dugu barrutik ezagutzen mundu hori». Gainera, azaldu zuen belaunaldi ezberdinetako herritarrak elkartuko direla azokan, ikastetxeetako gaztetxoek eta Auzozaintzako adinekoek egingo baitute bisita, bihar goizean.

Dani Fanok, bere aldetik, egitasmoa lantzeko auzolana azpimarratu zuen: «Bazen garaia horrelako azoka bat izateko, euskal komikigintza erdigunean jarriko zuena. Denetarik egongo da postuetan, baina euskal komikigileengan jarri dugu fokua, eta zortzi euskal komikiren aurkezpenak izango dira; denak argitaratu berriak, eta oso potenteak».

Axpik, bere aldetik, kontatu zuen Kromikiak egiten hasi zela Kronikan, eta emozioz gogoratzen duela «nire amona zenak komiki haiek irakurtzen zituela. Azokaren kartelean, bera gaztetan irudikatu dut erdian, komikia eskuetan duela, eta islatu nahi izan dut komikizale ez direnak komikira gerturatzeko ideia».

Eta ideia horri heldu zion Kristina Murok, azkenik: «Azoka hau izango da komikigileentzat festa, zaleentzat pagotxa, eta zale ez direnentzat unibertso honetan murgiltzeko aukera».

 

HERNANIKOMIK

Azaroak 18 eta 19, Atsegindegin

Azokaren ordutegia:
11:00-14:30 eta 17:00-20:00

BIHAR, ostirala

11:30, Ikastetxeetako bisitak

18:00, 'Haur besoetakoa' komikiaren aurkezpena, Unai Iturriaga eta Alex Sanvicenterekin, Dani Fanok gidatuta.

18:30, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiaren aurkezpena, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxerekin, Iñigo Astizek gidatuta.

19:00, 'Black is Beltza II: Ainhoa' komikiaren aurkezpena, Susanna Martinekin, Xabier Etxeberriak gidatuta.

22:00, 'Black is Beltza II: Ainhoa' filmaren emanaldia, Biterin.

ETZI, larunbata

11:30, Kromikilarien saria

12:00, Joseph Camino saria, Jon Zabaleta hernaniarrari

13:00, Dzirt dzart saioa, Asisko Urmeneta eta Eider Eibarrekin

17:00, 'Gasteiz 1200' komikiaren aurkezpena, Aritz Ibarraren eta Nabarralderen eskutik.

17:30, 'Cube arts' manga sailaren aurreneko atalaren aurkezpena, Harriet argitaletxearen eskutik.

18:00, 'Utzi azalari' komikiaren aurkezpena, Ainara Azpiazu 'Axpi'rekin, Iratxe Retolazak gidatuta.

18:30, 'Lurbinttoko ohoinak' komikiaren aurkezpena, Adur Larrearekin, Iratxe Retolazak gidatuta.

19:00, 'Sua' komikiaren aur­kezpena, Alex Tello eta Julen Ribasekin, Mikel Sotok gidatuta. Bertan izango dira Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida, eta kontzertu laburra eskainiko dute.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!