Hernaniko etxebizitzaren arazoa lantzeko, asanblada etzi Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 00:00

Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu du, etxebizitzaren inguruko kanpainaren barruan. 18:30etan hasita, irekia izango da.

Etxebizitzaren arazoari buruz, kanpaina jarri zuen martxan Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak, aurreko astean. Eta horren baitan, asanblada irekia antolatu du etzirako, Hernanin: arratsaldeko 18:30etan izango da, Biteri kultur etxean.

Bertan, Hernaniko etxebizitzaren arazoa landuko dute: «Gure herrian alokairu bat lortzea ezinezko bihurtu da, eta zer esanik ez etxebizitza bat. GKStik, arazo hori identifikatu eta borrokatzeko beharra ikusi dugu, eta hortik abiatuta aurkeztu dugu kanpaina». Izan ere, nabarmendu dute «kapitalismoaren krisialdi betean» gaudela: «Gazte langileon bizi eredua pobretzen ari da, eta oinarrizko bitartekoak eskuratzea gero eta zailagoa da. Langile klasearentzat gero eta zailagoa da etxebizitza egonkor bat lortzea, gure bizi eta lan baldintzak okerrera eta oinarrizko bizi bitartekoen prezioak gora baitijoaz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!