33 milioi euroko aurrekontu proposamena osatu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 00:00
Xabier Lertxundi alkatea eta Isa Sanchez Ogasun zinegotzia, aurkezpenean.

2023ko udal aurrekontu proposamena aurkeztu du Hernaniko udal gobernuak, eta oposizioko alderdiei helarazi die, ekarpenak jasotzeko.

Aurrekontu proposamen potoloa aurkeztu du Hernaniko Udalak, 2023rako. Udal gobernuak osatu du, eta aurreko ostegunean eman zien horren berri oposizioko alderdiei, datozen asteotan haien ekarpenak jasotzeko. Abenduko Plenoan bozkatuko dute udal aurrekontua behin behinean onartzea.

Aurrekoetan bezala, «aurrekontu soziala» dela nabarmendu du Xabier Lertxundi alkateak: «Urtero esan dugu hori, eta egia da hitz hori gaur egun denek erabiltzen dutenez, bere esentzia galdu duela. Baina datuek erakusten dute gure inbertsioak eta diru partidak benetan daudela arlo sozialera oso bideratuta». Hori horrela, azaldu du lau printzipio betetzen dituela 2023rako aurrekontuak: «Kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak izatea, herritarrei zuzendutako zerbitzu sozial indartsuak bermatzea, herriko eragileen dinamika sustatzea, eta etorkizunera begirako erronka potoloei erantzuteko oinarriak jartzea».

Guztira, 33.135.100 eurokoa izango da udal aurrekontua, eta horietatik 493.000 euro dira Ereñotzuko Auzo Udalari dagozkionak. Horrela, bi milioi euro pasatxo haunditu da aurrekontua, 2022koaren aldean. Isa Sanchez Ogasun zinegotziak azaldu ditu arrazoiak: «Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru Funtsetik 1.129.000 euro gehiago jasotzea aurreikusi da; bestetik, zergetan, tasetan eta dirulaguntzetan sarrerak haundituko dira, Covid-19aren ondoriozko murrizketak gainditu eta udal zerbitzuen jarduerak bere onera bueltatzen ari direlako; eta azkenik, 764.200 euro gehiago jasotzea aurreikusi dugu, argindarraren eta gasaren enpresek herriaren lurzorua erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasan».

 

Gastu arruntetan, ia milioi bat euro gehiago

Sarrerak haundiagoak izango diren arren, «marjen gutxi» izango du Udalak, gastuetan «igoera nabarmena» eman delako. Sanchezek azaldu du, zehazki, iaz baino %14,1 haundiagoa dela gastu arruntentzat aurreikusitako partida: 17.150.500 euro. Izan ere, aurreikusi dute 2022an baino 987.500 euro gehiago beharko duela Udalak, gasa, argindarra, ura, saneamendua eta hondakinak ordaintzeko. Langileriaren gastuetan ere izan da gorakada, %5,3koa, zerbitzu batzuk indartu direlako eta %2,5eko soldata igoera aurreikusi dutelako 2023 urterako.

Alkateak azaldu du, era berean, mantendu egingo dituztela dirulaguntzak eta hitzarmenak: «Gastuak haunditu arren, marra gorri bat daukagu markatuta, eta da herriko elkarte eta eragileei dirulaguntzak ez murriztea; Hernani beraiei esker badelako Hernani. Beraiek daukaten dinamika sustatu nahi dugu».

Zerbitzu sozial indartsuak izatea ere bada udal gobernuaren apustua, «iruditzen zaigulako herritarren ongizateari begira berdintasuna markatzen duten zerbitzuak direlako. Aurten ere, zaintzari eta adinekoei zuzendutako aurrekontuak prestatu ditugu. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratu berria jarriko dugu martxan, langileengan hobekuntza nabarmenak dituena, eta herritarrei 4.000 ordu gehiago eskaintzea ahalbidetuko duena. Horretan, Hego Euskal Herrian ordu gehien eskaintzen dituen herrietako bat izango da Hernani, proportzioan. Auzozaintza programarekin eredugarri izaten ari gara, eta mantendu ez ezik, auzo gehiagotara zabalduko dugu. Eta bestetik, bikoiztu egingo dugu adinekoen prebentzio programak egiteko partida». Gainera, «auzoetako errondetan jasotako eskaerei erantzunez», indartuko dute kale garbiketa, parke eta lorategien mantenua, eta eraikin publikoen garbiketa.

 

Bi proiektu nabarmen, inbertsioen atalean

Inbertsioetara 701.760 euro bideratu ditu udal gobernuak bere proposamenean, eta bi proiektu nabarmendu ditu: «Batetik, aire kalitatea neurtuko duten beste bi makina erosiko ditugu, datu errealagoak izateko. Eta bestetik, aparkalekuen arazoaren harira, eskatuko dugu azterketa bat, jakiteko teknikoki eta ekonomikoki bideragarria ote den aparkaleku gehiago egitea Hernanin».

Horrez gain, alkateak nabarmendu zuen 2023ko aurrekontuak lagunduko duela etorkizunera begirako erronketarako prestatzen, Hirigintza eta Ingurumen saila indartuta: «Oso erronka potoloak dauzkagu. Horietako bat da AMRko garapen urbanistikoa, eta Aldundiarekin elkarlanean ari gara horretarako. Eta beste bat da Urumeako eraikin zaharraren garapena. Urte honen bukaeran hasiko dira eraikina botatzen, eta horrekin batera, tramitazio urbanistikoa hasiko dugu, eremu hori garatzeko. Potoloa izango da, eremu hori Urumean hasi eta Zinkoeneara iristen delako. Garapen urbanistiko inportante bat izango da Hernaniko erdigunerako, eta tartean egongo da aparkalekuen alternatiba bat, plan berezian aurreikusita baitago bertan lur azpiko aparkaleku bat egitea». Inbertsioen atala indartuko dute datorren urtean, 2022ko aurrekontua likidatzearekin batera, 2023rako Inbertsio Plana aurkeztuta.

Azkenik, Xabier Lertxundik azaldu zuen, aurreikusita daudela diru partidak, Hernani Burujabe egitasmoa sostengatu eta sustatzeko proiektuetarako.

HERNANIKO UDALAREN 2023ko UDAL AURREKONTU PROPOSAMENA

GUZTIRA 33.135.100 euro

HERRI AKTIBOA 8.132.110 euro

Jarduera fisikoa eta kirola 2.459.520 euro

Hezkuntza 2.476.450 euro

Kultura 1.894.940 euro

Euskara zerbitzua 1.183.660 euro

Herritarren partehartzea 117.540 euro

HERRI JASANGARRIA 14.902.120 euro

Komunitatearentzako zerbitzuak 8.195.920 euro

Etxebizitza eta hirigintza 2.405.840 euro

Segurtasuna eta mugikortasuna 1.974.040 euro

Tokiko garapena eta enplegu sust. 1.334.770 euro

Ingurumena 991.550 euro

 

HERRI SOLIDARIOA 4.825.580 euro

Zerbitzu sozialak 3.233.170 euro

Berdintasuna 633.600 euro

Lankidetza 263.650 euro

Gazteria 239.960 euro

Etxebizitza bermatzeko dirulag. 191.000 euro

Inmigrazioa 104.000 euro

Adina 160.200 euro

ADMINISTRAZIO GASTUA 4.782.290 euro

EREÑOTZUKO AUZO UDALA 493.000 euro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!