Galarretan enpresa berri bat instalatuko delako, «pozik» EAJ

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 15a, 00:00

Alderdi jeltzaleak ziurtatu du Galarreta-Orona garatzeko lanean jarraituko duela, ematen diren pausuak babestuz. 

Enpresa berri bat instalatuko du Galarreta-Orona eremuan, Eusko Jaurlaritzak, Parke Teknologikoaren bitarteaz, Hernani Udalari proposamena luzatu ondoren. Albistearen harira, EAJko bozeramaileak bere poza adierazi nahi izan du: «Asko pozten naiz enpresa batek Galarreta/Oronako lursailetan sartzea lortu duelako. EAJtik ez dakigu hori enpresa honek hirigintza arauak argi eta garbi betetzen dituelako izan den; Hernaniko Udaleko hirigintza sailean aldaketak egin direlako den; edo udal hauteskundeen atarian gaudelako den. Arrazoia edozein dela era, egia hori da, Galarretan enpresa berri bat instalatuko da».

Hori horrela, Andoni Amonarraizek azaldu du Hernaniko EAJko ordezkariei ez zaiela enpresaren izena jakinarazi. Era berean, galdetu du ea EH Bildu harremanetan jarri ote den enpresako nagusiekin: «Espero dugu Galarreta-Oronan instalatuko den enpresa berriarekin akordioren bat lortzen saiatu izana hernaniarrek onura izan dezaten, adibidez, etorkizunean langileak kontratatzen direnean». 

Amaitzeko, bozeramaile jeltzaleak ziurtatu du Galarreta-Orona garatzeko lanean jarraituko duela, ematen diren pausuak babestuz: «Industrialde hori lehenbailehen garatu behar da, eta, gainera, hernaniarrentzat onuragarriak diren kontratazio-baldintzak izan beharko lituzke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!