'Maleta bat igogailuan' liburua argitaratu berri du Andoni Tolosak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00
Andoni Tolosaren 'Maleta bat igogailuan' liburua.

Euskaltegiko A1 mailako ikasleei zuzendatukoa da, ariketekin eta hiztegiarekin.

Joan den astean aurkeztu zuen Andoni Tolosa hernaniarrak, Donostiako liburutegian, Maleta bat igogailuan liburua. Euskaltegiko A1 mailako ikasleei zuzendutako proiektua da, eta, hain justu ere, euskaltegiko zenbait ikasleren aurrean aurkeztu zuen bere azken lana. Hantxe izan zen Miren Agur Meabe idazlea ere, A2 mailako ikasleei zuzendutako Elurraren promesa liburua aurkezten. Arian saileko 33. eta 34. aleak dira biak, eta bietan daude testuak, ariketekin, hiztegiekin eta baita audio-liburuekin ere.

Tolosak idatzi du testua, eta marrazkia, berriz, Iñaki Martirena Mattinek landu du. Hector izeneko mutikoa da liburuko protagonista. Euskaltegian euskera ikasten hasi den ikaslearen egunerokoa da liburua, eta ikasturte baten kronika egiten du. Gainera, euskaltegiko irakaslea den aldetik, hernaniarrak aski ondo ezagutzen du ingurune hori. Eta, horren haritik, Donostiako aurkezpenean esan zuenez, bere ustean, euskera ikastea da «mundu baterako, kultura baterako, bizi ikuspegi baterako ateak zabaltzea». Baina Tolosaren ustez, euskaltegiak ez dira «hizkuntza akademia hutsak». Izan ere, kalean ere asko ikasten dela uste du autoreak eta, horrenbestez, liburuko protagonistak, Hectorrek, euskera ikasiko du euskaltegian zein kalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!