Maitagarria dena ezin maitatzeaz, transgeneroen egoeraz, sexualitateaz... bihar, Popatik taldea

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00
Xabier Crehuet, Aingeru Mayor eta Ekaitz Goikoetxea.

Xabier Crehuetek, Ekaitz Goikoetxeak eta Aingeru Mayorrek 'Maitatzeari' ikuskizun poetiko musikatua aurkeztuko dute. Milagrosan izango da, 19:00etan. Sarrerak salgai daude Biterin eta 'kultura.hernani.eus' webgunean.

Azaroko kultur agendaren barruan, ekitaldi berezia izango da bihar, Milagrosan. Popatik taldea oholtza gainera igoko da Maitatzeari ikuskizun poetiko musikatua aurkeztera. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Xabier Crehuet, Ekaitz Goikoetxea eta Aingeru Mayor oholtza gainera igoko dira taldeko lehen diskoa aurkeztera. Bertaratzeko asmoa dutenek, sarrerak salgai dituzte Biteriko leihatilan eta www.kultura.hernani.eus webgunean, 8 euroan.

Aurreratu dutenez, hainbat gairen bueltan ariko dira biharko zuzenekoan. Besteak beste, maitagarria dena ezin maitatzeaz, transgeneroen egoeraz, arratsalde batean planto egin digun ustezko maitaleak utzitako egoeraz, sexualitateaz, maskulinitateaz, bikote harremanez eta askatasunaz, kalean bizi direnen errealitateaz, gerraz eta bortizkeriaz. Funtsean, maitasuna jarri dute erdigunean, baina zabala da landuko dutena: «Maitatzea ez ezik, beste hainbat gai ere la(zta)ntzen ditugu». 

 

'Nahastekak' emanaldi sorten barruan: 'Maitatzeari'

Kultur agendak dioen moduan, Nahastekak saioen barruan kokatu dute biharko emanaldia. Kasu honetan, Popatik taldeak hitzak eta musika jarri dizkio maitatzeari: «Poesia eta kantuak. Akordeak eta konpasak, xuxurlak eta oihuak, errimak eta arritmiak, ipuinak eta bertsoak. Hitz goxoak eta hitz lizunak... Baita isiluneak ere». 

Maitatzeari diskoa kaleratu dute dagoeneko, baina taldeak atzo izan zuen zuzeneko lehenengo aurkezpena. Atzo, Ultzaman aurkeztu zuten proiektua, eta biharkoa dute bigarren saioa. Horrez gain, urtearen hasieran, urtarrilaren 29an, Beasainen izango dute saioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!