Hortenentzat, in memoriam

Lurdes López Gorrotxategi 2022ko aza. 11a, 00:00

2012. urtean, nire lagun Hortenek Bizilagunak egitasmoaren berri eman zidan. Ideia liluragarria iruditu zitzaidan, eta, kolaboratzeko, izena eman nuen.

Urte hartan, agintariek bonbo asko eman zioten, eta Kursaaleko festa ikaragarria izan zen. Txef huandi batek pintxoak prestatu zituen, eta horiek banatzen aritu ziren oinetarainoko amantala beltzak zituzten zerbitzariak. Gogoan daukat Horten eta biok hantxe izan ginela, eta pieza dantzagarri bat jotzen ari zen kaleko biolentxelo-jotzaile baten ondotik pasatzean, Odon Elorzak eta Mariano Ferrerrek dantzatzeko eskatu zigutela. Baina, Tilosetako neska onak garen aldetik, ezetz esan genuen.

Hurrengo urtean, ez zegoen ez txef-ik, ez amantala luzerik, baina patata-tortilaz osatutako dorre haundi bat agertu zen. Han egon ginen guztiak zatitxotan zatitzen, horietako bat lurrera erori zen arte, eta patinaje-pista bat zirudien horrek. 

Beste urte batean, kredentzialak banatzea izan zen, eta, beste batean, jendeari harrera egitea, eta beste batean...

Eta, aurten ez zaude, baina bazaude.

Ez ditut faltan botatzen txefaren pintxoak, ez eta oinetaraino amantalak ere, ezta tortilak ere, baina zure falta sumatzen dut. Zure lanari esker, hainbeste jenderen lanari esker, azaroaren 20an berriz bazkalduko dugu ondoko familiarekin. Janaria, kultura eta bizipenak partekatuko ditugu, eta bizi nahi dugun herria sortuko dugu, hori baita elkar ezagutzearen alde ona. 

On egin eta topa Hortenengatik!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!