Erraustegiaren aurka, Arkaitzerrekara, bihar

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 00:00

Arkaitzerreka, kutsatuta. Argazkia: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua

Bisita gidatua antolatu dute Arkaitzerrekara. Goizeko 10:30etan abiatuko dira Zubietako plazatik. 

Errausketaren Aurkako Mugimenduak irteera antolatu du Arkaitzerrekera. Bihar izango da, eta bertan izango dira Hernanin Zero Zaborreko hernaniarrak ere. Usurbilgo herritarrak 10:30etan abiatuko dira plazatik eta inguruko herrietakoentzat, berriz, Zubietako plazan jarri dute hitzordua, ordu berean.

Ekintza horrekin, plataformak ezagutzera eman nahi du inguru horretako egoera. Horregatik, bisita gidatua izango da biharkoa. «Zubietako erraustegiaren kutsadura jadanik hasi da agertzen. 2020ko maiatzetik (bi urte eta erdi!) pozoituta dator Arkaitzerreka, erraustegiaren azpitik tubo batean sartuta doan erreka txikia», salatu dute. «Bi urte eta erdi hauetan, GHK kontsortzioak eta erraustegiaren arduradunek ez dute lortu pozoiketari erremedioa jartzea, ez arduradunek eta ez Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagi politikoek ez dute eman arazoaren azalpenik».

Horrekin batera, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gehitu du «ezkutatzen» ari direla Zubietan gertatzen ari dena: «Inork ez du kutsaduraren ardurarik hartu nahi bere gain, nahiz eta zenbait herri mugimenduk -Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta GuraSOSek- erakutsi duten Arkaitzerrekan isuri direla dioxinak, metal astunak eta bestelako pozoiak, agintariek ezkutatzen dituzten dokumentuetan frogatzen den moduan. Zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian, lurpeko urak jadanik horrela kutsatzen dituenerako? Uretan azaldu baldin badira pozoiak, zer ez dira botatzen ari airera tximiniatik?».

Hori guztia horrela izanik, «arazoa gertutik ezagutzeko», bertaratzeko deia luzatu diete herritarrek. «Lekuan bertan erakutsiko ditugu erreka, ur pozoitua azaleratzen den gunea, orain kutsadura ezkutatzeko eraiki nahi duen punpatze instalazioa non jarri nahi duten, arraiak hilda agertu diren lekua, erreka betirako lehortu eta hiltzeko arriskua eta abar». 

Aurreratu dutenez, ibilaldi laburra izango da, joan-etorria ordu eta erdian erraz egitekoa. Hori bai, diote, «komeni da uretan ibiltzeko katiuskak jantzita eramatea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!