Gipuzkoako Txapelketako finalak gaur, Huizik, Irazustabarrenak, Kerejetak eta Maciciorrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 00:00

Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak jokatuko dute bigarren mailako finala.

19:30etan hasiko da jaialdia, bigarren mailako finalarekin. Hernaniarrek Ataun izango dute aurrez aurre. Lehenengo mailan, etxekoek Su Berriren aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Gipuzkoako Txapelketaren azken partidura heldu dira zenbait palista hernaniar. Hain zuzen ere, neska nagusietan, final haundiak jokatuko dituzte gaur, Amaia Irazustabarrenak, Maider Huizik, Ane Kerejetak eta Enara Maciciorrek.

Arratsaldeko 19:30etan hasiko da jaialdia, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Lehenengo partidua bigarren mailakoena izango da; Kerejetak eta Maciciorrek aurrez aurre izango dituzte Ataungo Aldasoro eta Lopez. Lehia biziko partidua espero da, Ataunek ligaxkako aurkari guztiak gainditu baititu eta Hernanik, bere aldetik, Ataunen aurkakoa galdu duelako soilik. Norgehiagoka parekatua izan zen, gainera, 30-24ko emaitzarekin. Eta, hernaniarrek aurreratu dutenez, ligaxkan galdutako partidu horren arantza kendu nahi dute gaurko finalean, eta Gipuzkoako txapeldunak izatea lortu, etxean. Ligaxkako bi bikote onenen artean jokatuko da txapela, eta partidu ikusgarria izatea espero da. 

Lehenengo mailan, berriz, Irazustabarrenak eta Huizik Su Berriko Galdosen eta Mendizabalen aurka neurtuko dituzte indarrak. Arratsaldeko bigarren partidua izango da, eta hori ere ikusgarria izatea espero da. Izan ere, ligaxkan, elkarren aurka jokatutako lehietan, Su Berrik irabazi ditu Hernaniren aurkako biak. Hala ere, hernaniarrak aski gai dira partidu batera dena jokatu, aurkariak garaitu, eta Gipuzkoako Txapeldun izateko. Hernaniarrek zaletuen babesa izango dute gaur arratsaldean, eta horrek indarra eta bultzada emango die txapelak etxean gelditzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!