Lidertza jokoan izango du Hernanik bihar Landaren, Getxoren kontra

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan hasita, oso partidu garrantzitsua izango dute trikoloreek, igoera fasera sailkatzeko helburuari begira.

Zarautzen jasotako porrotari, buelta azkar emateko aukera polita dauka Hernanik, mutilen Ohorezko B Mailan. Izan ere, lidertza berreskuratzeko aukera izango du Landaren, zaleen aurrean: Getxoren kontra jokatuko du, bihar eguerdiko 12:00etan. Goi-mailako partidua izango da, sailkapeneko aurreneko bi sailkatuen artekoa. Une honetan, 16 punturekin lider da Getxo, eta 14 punturekin bigarren Hernani.

Indartsu etorriko da talde bizkaitarra, momenturik gozoenean. Hernaniri bezala, Zarautzen egin diote ihes denboraldiko puntu apurrek Getxori, 19na berdindu baitzuten bertan, bigarren jardunaldian. Azkeneko bi partiduak nagusitasunez irabazi dituzte, ordea; eta bereziki garrantzitsua izan da azkenekoa: 27-14 irabazi zioten Independienteri.

Porrota jasotzetik dator Hernani, baina denboraldi bikaina osatu du orain arte, eta bereziki etxean erakutsi du bere indarra, bi erakustaldirekin. Bide horretatik jarraitu nahi du bihar, garaipen oso garrantzitsua lortzeko, igoera fasera sailkatzeko helburuari begira; eta horrekin batera, baita lidertza ere. 

Aurrenekoz Landaren gaur, Euskal Ligako taldea

Nesken Euskal Ligan, berriz, estreinako aldiz jokatuko du Hernanik etxean, asteburu honetan. Uni Bilbaoren kontra ariko da gaur, arratsaldeko 16:00etan Landaren. Orain arte taldea osatu ezi­nik ibili ondoren, aurreko asteburuan jokatu zuten aurreneko partidua trikoloreek, eta baita indartsu ekin ere: 0-42 irabazi zuten Arrasate-Eibarren zelaian.

Kontrario gogorragoa izango dute gaurkoan, ondo hasi baitu liga Uni Bilbaok: jokatutako hiru partiduetatik bi irabazi ditu.

23 urtez azpiko mutilen taldeak, berriz, etxetik urrun jokatuko du: Alcobendasen zelaian ariko da gaur, 16:30etan. Jokatutako lau partiduetatik bi irabazi ditu Hernanik, orain arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!