Kloro isurketa izan da Hernaniko kiroldegian, eta berehala hustu dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 10:28

Goizeko 08:50etan izan da isuria, eta kloroa aldageletan sartu dela konturatu bezain pronto hustu dute kiroldegia. Hainbat pertsona artatu dituzte osasun zerbitzuek. Isurketa kontrolpean dago, baina suhiltzaileak instalazioak ikuskatzen ari dira. Kiroldegia itxita dago.

Kloro isurketa izan da gaur goizean, Hernaniko kiroldegian. 08:50etan gertatu da, eta kloroa aldageletan sartzen hasi da. 20 bat erabiltzaile zeuden bertan, eta berehala aterarazi dituzte. Kiroldegi osoa hustu dute segidan.

Ateratzeko abisua jaso aurretik, eztarriko mina eta kloro usain haundia sumatu dute kiroldegian zeuden zenbait erabiltzaile eta langilek, eta botagurea ere bai, hainbatek. Kloroa arnasteagatik izan daitezkeen arazoak direla eta, osasun langileek artatu dituzte. Lau pertsona osasun zentrora eraman dituzte, eta beste bi ospitalera. Ez dute antzeman ezer larririk zutenik, baina kloroa arnasteagatik eraman dituzte, badaezpada.

Bi anbulantzia ez ezik, suhiltzaileen kamioi bat, furgoneta bat eta kotxe bat bertaratu dira kiroldegira. Une honetan, kiroldegira sartu dira bi suhiltzaile, ekipo berezia jarrita. Isurketa kontrolpean dago, baina instalazioak ikuskatzen ari dira, pertsonentzako arriskurik ez dagoela bermatzeko. Kiroldegia itxita dago, eta ez dute zabalduko segurtasun baldintzak bermatzen direla egiaztatu arte. Segurtasun perimetroa ezarri dute, atarira ez hurbiltzeko.

Erlazionatuak

Kloro isuria Hernaniko kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2022 aza 10 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!