Hernaniko Kultur Ondarearen gaineko bekarako deialdia, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 00:00
'Axeri dantza' dokumentala egin zuen Doberak, 2018/19 deialdian.

Abenduaren 9ra arte aurkeztu daitezke proposamen proiektuak, udaletxeko erregistroan (elektronikoki eta aurrez aurre). 

Hernaniko Udalak deialdia egin du Hernaniko Kultur Ondarearen bueltan ikerketa lanak egiteko. Deialdia zabalik dago dagoeneko, oinarriak azaroaren 8an argitaratu baitziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eta abenduaren 9ra arte aurkeztu daitezke proposamen proiektuak, udaletxeko erregistroan. 

Deialdi honen helburuak dira Hernaniko Kultur Ondarea duten elementuen inbentarioa edo zerrenda osatzea edota eguneratzea, edo lehendik dagoen dokumentazioa berrikustea edota eguneratzea. Horretarako, Hernaniko Udalak 8.000 euroko diru kopurua aurreikusten du, eta epaimahaiak proiektu bat baino gehiago aukeratuz gero, diru kopurua aukeratutakoen artean banatuko dela jakinarazi du. 

 
Orain arteko lanak

Hernaniko Kultur Ondarea ezagutzera emateko eta harekiko sentsibilizazioa bultzatzeko eta balorean jartzeko asmoarekin, 2018/2019an egin zen aurreneko deialdia; beraz, aurtengo hau bosgarren deialdia izango da. Lehenengo deialdiaz geroztik, honako hauexek dira beka honen bidez egin diren lanak: 2018/19an, Hernaniko industria ondarea Urumea bailaran zehar eta Axeri dantza dokumentala; 2019/20an, Hernani Kultur Ondarea berrikustea eta eguneratzea; 20/21 Hernaniko Kultura Ondarea auzoz auzo eta Latseko produktu kimikoen fabrika; eta 21/22an, Hernaniko hiribildua: Erdi Aroko hirigintzaren adibide bat. Hirigune historiko baten morfologia eta bilakaera Historian zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!