Karta txapelketetan eta kale jolasetan apuntatzeko aukera, bihartik

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 00:00

Urte amaiera heltzear da, eta Goiz Eguzkik karta txapelketak eta kale jolasak antolatu ditu. Parte hartzeko aukera dago, baina izena eman behar da aldez aurretik, eta horretarako aukera bihartik azaroaren 18ra izango da. Izena ematerakoan, 5 euroko fidantza ordaindu beharko da, eta txapelketa amaitzean itzuliko da «baldin eta izena eman duena txapelketara joan bada».

 

Txapelketak eta jolasak, azaroan eta abenduan

Mus txapelketak antolatu dituzte azaroaren 21erako, 23rako eta 25erako; tute txapelketa azaroaren 28an, 30ean eta abenduaren 2an jokatuko da; eskoba txapelketa, abenduaren 5ean 7an eta 9an izango da, eta punttuan jokatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, abenduaren 12an, 14an eta 16an. 

Kale jolasak ere antolatu ditu Goiz Eguzkik; hala nola, igel-toka, toka, bote eta diana... Horiek guztiak azaroaren 29an eta abenduaren 1ean izango dira: «Euria egingo balu, hurrengo astera atzeratuko lirateke».

Sariak banatuko ditu Goiz Eguzkik, joko bakoitzeko txapeldunarentzat eta txapeldunordearentzat. Eta sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute, Gabonetako zozketaren eta txistorradaren egunarekin batera. Amaitzeko, Goiz Eguzkik, txapelketetara animatzeko deia luzatu diete herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!