Euskaraldia

Gaztealdia egingo da azaroaren 14tik 18ra bitartean, eta bihar aurkeztuko diete ekimena hernaniarrei

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 9a, 00:00

Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatu du aurkezpena, eta Burrunbak herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete: «euskeraren aldeko erabilera eta jarrera bultzatu nahi dugunez, gerturatu zaitez!».

Datorren astean, azaroaren 14tik 18ra bitartean, Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatuta, Gaztealdia egingo da Euskal Herrian. Aurtengoa, bigarren edizioa izango da eta Euskaraldiaren bezperarako antolatu dute, Ekintzez hitz egiteko garaia da lelopean. 

Gaztealdiaren helburu nagusia zein den argi mintzatu da Gazte Euskaltzaleen Sarea: «euskeraz bizi nahi dugula aldarrikatzea da gure xedea, hau gauzatzeko egunerokotasunean oztopoak besterik ez baititugu izaten». Egiturazko «oztopo eta zailtasun» hauen gainetik, euskeraz bizi daitekeela erakutsi nahi dute gazteek, duela bi urte egin zuten bezalaxe. Izan ere, lehenengo edizioa 2020garren urtean egin zen, bederatzi gaztek zortzi egunez euskaraz bizitzeko hautua eginik. Aurten, berriro errepikatzeko intentzioa daukate gazteek, baina oraingo honetan, 9 gazte izan beharrean, Euskal Herriko gazte guztiei zabaldu nahi diete deialdia. 

Guzti honen xehetasunak azaltzeko, eta hernaniarrei aurkezteko, bihar arratsaldeko 19:00etan, Gaztealdiaren aurkezpena egingo du Gazte Euskaltzaleen Sareak, udaletxean. Eta noski, Burrunbak, herriko gazteak bertaratzera mobilizatu nahi ditu: «euskeraren aldeko erabilera eta jarrera bultzatu nahi dugunez, gerturatu zaitez!».


Gazteek, borrokatzeko grina

Gazte Euskaltzaleen Sareak euskeraren egoera larritzat jo du: «Ezagutzaren gorakada azken hamarkadan oso motela izaten ari da, erabilera ez aurrera ez atzera dago aspaldi, eta azken urteetan atzerako joera kezkagarriak sumatzen dira euskeraren arnasguneetan». Edonola ere, gazteen artean bada euskeraren borrokari heltzeko «gogoa eta ilusioa». Beraz, alde horretatik, Gaztealdian parte hartzeko deia luzatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!