Iron Man solidarioan hartuko du parte Xabier Salillasek, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

48 orduko Iron Man solidarioa egingo du Salillasek, asteburuan.

Ostiralean arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia eta Xabier Salillasek hartuko du parte bertan. 

Ostiralean GNAO1 gaixotasun arraroaren aldeko ekitaldi solidarioa antolatu dute Urnietan. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera ekitaldiari eta igandera arte, makina bat jarduera antolatu dira. Tartean, Xabier Salillas hernaniarrak, 48 orduko Iron Man solidario bat egingo du, 24 orduz bizikletan, eta beste 24 ordu korrika eginez, zintan. 

Aurrera Markelekin elkarteak antolatu du ekitaldi solidarioa. Azaroaren 18tik 20ra bitartean ekintza ugari egingo dira, Urnietako Egape ikastolan. 

Jarduera gehienak doakoak izango dira. Hala ere, tartean badaude tiketa beharrezkoa izango den jarduerarik, hala nola Dinseyren ikuskizuna, kontzertua edo paella herrikoia. 

Halaber, bizikleta estatiko batzuk jarriko dira Egapen, nahi duenak pedalak astindu eta Xabier Salillasi animoak emateko. Antolatzaileek, nabarmendu dute sorpresaren bat ere egongo dela egun horietan zehar.

Aipatutako ekintzez gain, herri kirolen desafioa ere egingo dute, eta jai giro itzela egongo da. Beraz, antolatzaileek parte hartzera animatu nahi izan dituzte herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!