Hernaniko EAJren herri batzarrak, berriro ere, Andoni Amonarraiz Gomez aukeratu du 2023ko udal hauteskundeetan EAJren zerrendaburu izateko. Egindako asanbladan, Hernaniko Herri Batzarrak esker oneko hitzak izan zituen egungo zinegotziarentzat, bereziki azken legegintzaldi honetan egindako lana azpimarratuz: «inoiz baino gehiago eta edozein ideal politikoren gainetik, herritarren ongizatea izan baita hartutako erabaki bakoitzaren arrazoia».
Hernanin jaioa da Amonarraiz, eta hasiera batean elektronika industriala ikasi bazuen ere, ondoren, ostalaritza eta turismo ikasketak egin zituen. Ikasketak amaituta, ostalaritzako hainbat adar ukitu zituen.
1992an egin zen EAJko afiliatua, Hernaniko Udaleko zinegotzia da 2003garren urtetik eta alderdiko bozeramailea, 2007tik. 2003tik 2007ra bitartean, Udal Gobernuko kide izan zen. Bertan, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi, Ongizate Batzordeko lehendakari eta Hernaniko ordezkari izan zen, Añarbe eta San Markoseko mankomunitateetan. Halaber, 2003tik 2011ra, Hernaniko Industrialdea elkarteko kidea ere izan zen: «20 urteko esperientzia honek erakundearen funtzionamenduaren eta hernaniarren beharren ezagutza zabala eman dit».
Ilusioa eta gogoa, Amonarraizek
«Ilusioz» dago Amonarraiz, eta 2003an zuen indar eta gogo bera duela ere ziurtatu du. Bere alderdikideek zerrendaburu izateko eta erronka berri honi aurre egiteko jarritako konfiantza ere eskertu du Amonarraizek, eta ondorengoa gehitu du: «azken legegintzaldi hauetan Hernani geldirik egon bada ere, hernaniarrik atzean utzi gabe egingo dut lan, hauen ideologia edozein delarik ere». EAJ-PNVk Hernanirako estrategikotzat jotzen dituen proiektuak gauzatuko dituela ziurtatu du, hernaniar guztien beharrak asetzera eta haien bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daudenak, hala nola: «Portu eta Elizatxoko bizilagunen eta Etxeberriko bizilagunen bizitza erraztuko duten igogailuak martxan jartzea; hernaniar eta bisitarientzako aparkaleku berriak eraikitzea; Gudarien plaza behingoz konpontzea; Hirigintza saila martxan jartzea, Hernanik enpresentzat erakargarritasuna galtzen jarrai ez dezan eta hernaniarrak egiten dituzten eskaeren aurrean bizi duten etsipena alda dadin; eta abar».
Eskerrak eman ditu Amonarraizek, konfiantzagatik: «asko dago egiteko eta prest nago. Horretarako beharrezkoak diren esperientzia eta ekipoa daukat alboan».