Borobila izan zen Pelota Eguneko festa Hernanin, Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak semifinala irabazita

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Taldeko argazki erraldoia atera zuten CD Hernaniko esku pelota saileko pelotariek, entrenatzaileek eta arduradunek, larunbat eguerdian Tilosetan, Pelota Eguneko aurkezpen ekitaldiaren ondoren.

Larunbatean ospatu zuten Pelota Eguna herrian, eta modurik onenean eman zioten hasiera: 22-5 nagusitu ziren Ojuel eta Lizeaga, Bergararen kontra, Gipuzkoako Txapelketaren lehenengo mailako semifinalean. Igoera ziurtatu dute.

Oso berezia izan da asteburua, Hernaniko esku pelotari eta zaleentzat. Izan ere, Pelota Eguna ospatu zuten larunbatean, aurrenekoz, CD Hernaniko esku pelota sailak antolatuta. Horren baitan, maila guztietako esku pelotarien aurkezpena egin zuten eguerdian Tilosetan, mota guztietako jolasak ere bai, eta bazkariarekin eta musikarekin borobildu zuten eguna Atsegindegin.

Baina lehenago hasi zen festa, frontoian; eta izan zuten ospatzeko nahikoa motibo, gainera. Gipuzkoako Txapelketaren semifinala jokatu zuten Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak, mutil nagusien lehenengo mailan, Bergarako Etxanizen eta Gartziaren kontra; eta erakustaldia eman zuten: 22-5 nagusitu ziren. Hori horrela, datorren asteburuan jokatuko dute finala, Soraluzeren kontra; baina beste sari potolo bat ere lortu dute: datorren denboraldian Ohorezko Mailan aritzeko txartela.

Klubeko makina bat esku pelotari izan ziren harmailetan, bi hernaniarrei sekulako bultzada ematen; eta herritar ugari ere gerturatu ziren frontoira, partidu erabakigarriaz gozatzera.

Emaitza txarrik ere izan du joan den asteburuak hernaniarrentzat, mutil nagusien lehenengo mailan bertan: jaitsiera saihesteko partidua jokatu zuten Xabier Salaberriak eta Iñigo La­bakak, Orion; eta 22-14 galdu zuten, Ospeleko Orbegozoren eta Aranalderen kontra. Hortaz, bigarren mailan jokatuko dute datorren denboraldian.



Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!