Euskadiko Kros Txapelketa irabazi du Anartz Artolak, 23 urtez azpikoetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Anartz Artola, podiumeko koxka gorenean, Ibai Larrearekin eta Jon Bazekin.

Sekulako lasterketa osatu zuen Donostiako Nazioarteko Krosean. Oier Arruti eta Sergio Roman ere podiumean.

Larunbatean jokatu zen Donostiako Nazioarteko Krosa, Lasarte-Oriako hipodromoan; eta Euskadiko Kros Txapelketa ere jokoan zegoen. Bertan izan ziren hainbat atleta hernaniar, eta sekulako emaitzak lortu zituzten. Bereziki nabarmentzekoa, Anartz Artolak lortu zuena: Euskadiko txapeldun izan zen, 23 urtez azpikoetan. Kategoria absolutuko lasterketan hartu zuen parte Artolak, oso maila haundiko korrikalariekin; eta 24garren sailkatu zen, 110 partehartzaileren artean, 28:19 denboran osatuta 8,85 kilometroko ibilbidea. Horrela, Euskadiko Txapelketa absolutuan bosgarren izan zen, eta 23 urtez azpikoetan onena, Ibai Larrearen (28:23) eta Jon Bazen (29:21) aurretik.

Master mailan aritu ziren beste bi hernaniar, Sergio Roman eta Xabier Barberena; eta podiumera igo zen Roman ere, bigarren postuan bukatu baitzuen lasterketa, Iraitz Senar irabazlearen denbora berean (8:06). Barberena 19garren izan zen, 10:14 denborarekin.

Eta izan zen beste hernaniar bat ere, podiumera igota: hirugarren sailkatu zen Oier Arruti, 16 urtez azpikoetan. 4:37 denboran osatu zuen proba, Txindoki taldeko Urko Etxebesteren (4:30) eta Haitz Urrestarazuren (4:31) atzetik. Kategoria berean, Lur Oconek ere proba ederra osatu zuen, eta 17garren iritsi zen helmugara (5:01). Azkenik, 20 urtez azpikoetan aritu zen Gaizka Izagirre, eta 12garren izan zen, 9:23 denborarekin.

Asfaltoko lasterketei dagokienez, berriz, atseden hartu dute bailarako korrikalari gehienek, baina Ikaztegieta Krosean aritu zen Alexander Iturralde hernaniarra: 22garren izan zen, 37:47 denboran osatuta 10 kilometroko ibilbidea.

 

Datorren asteburuan Behobia-Donostia lasterketa... eta Atenasko Maratoia

Datorren igandean izango dute hitzordu seinalatua korrikalariek, Behobia-Donostia lasterketarekin. Urumea bailarako ehunka korrikalari izango dira partehartzaileen artean, urtero bezala. Baina hemendik urruti ere, lasterketa berezia izango du hernaniar batek: Atenasko Maratoian hartuko du parte Fermin Tolosak, eta hori izango omen du bere azkeneko maratoia. Etxekoak ondoan izango ditu, animoak ematen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!