Emaitza borobila trikoloreek, estreinakoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Nesken Euskal Ligako taldea.

Hernaniarrek Eibar izan zuten aurrez aurre, eta 0-42ko garaipena lortu zuten denboraldiko lehenengo partiduan.

Denboraldiko lehenengo partidua jokatu zuen Hernanik, Euskal Ligan, joan den larunbatean. Ordura arte, taldea osatu ezinik ibili ziren trikoloreak. Hori horrela, ezin izan zuten jokatu txapelketako lehenengo norgehiagoka, lehenengo jardunaldian. Bigarrenean, atsedenaldia izan zuten hernaniarrek, eta, hirugarrena, taldea oraindik osatua ez zegoenez, azaroaren 19ra atzeratu zuten, Bera Berarekin adostuta. 

Baina, oraingo honetarako bai, trikoloreek lortu zuten plantilla osatzea. Estreinako partidua izan zen neskentzat, beraz, laugarren jardunaldikoa. Eta ez zen nolanahikoa izan, gainera, denboraldi honetan jokatutako lehenengo norgehiagoka. 

Hernaniarrek Eibar izan zuten aurrez aurre, Unbe zelaian. Trikoloreek hasieratik zehaztu zuten norgehiagokaren noranzkoa, eta Landarera ekarri zuten garaipena. 0-42ko markagailuarekin amaitu zen partidua, bisitarien aldeko garaipen argiarekin.

Partidua hasi eta segituan egin zuen Mar Alvarezek Hernaniren lehenengo entsaioa, eta, Enara Arrutiren transformazioarekin, markagailuan aurrea hartu zuten trikoloreek. Eta nabarmentzekoa da Arrutiren lana, transformazio guztietan, seitik seitan, lortu baitzuen baloia zutoinen artean sartzea. Bikain aritu zen Hernani bi erdietan, eta datozen jardunaldietan ere maila bera erakustea espero dute hernaniarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!