Asteburu borobila boleibolean, Euskal Ligako taldeen garaipenekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Euskal Ligako mutilen taldea.

Neskek Logroño menderatu zuten etxean (3-1), eta mutilek Navarmutilak Berriozarren (0-3).

Emaitza onak bildu ditu Hernanik azken asteburu honetan. Hain zuzen ere, Euskal Ligan, bitik bi garaipen lortu dituzte talde nagusiek. Etxetik eta etxetik kanpo aritu dira hernaniarrak, eta maila ona erakutsita, sailkapenean aurrera egitea lortu zuen Hernanik. 

Neskek atsedenaldia izan zuten aurreko asteburuan, eta indarrak berrituta bueltatu ziren lehiara. Denboraldiko bigarren partidua izan zuten, eta estreinakoa izan zen, gainera, etxean: Logroñoko D'elhuyar taldea hartu zuten Hernaniko kiroldegian. Hernanik aurkariek baino maila hobea erakutsi zuen uneoro, eta etxekoek markatu zuten erritmoa. Erasoan, sendo aritu ziren hernaniarrak, eta defentsan ere asmatu zuten. Horrela, 2-0 aurreratu ziren markagailuan. Abantaila horrek, ordea, taldea erlaxatzea ekarri zuen. Horrela, bisitariek 2-1ekoa egin zuten hirugarren jokoan. Baina Hernanik segituan heldu zion helburuari, eta 3-1 itxi zen emaitza, etxekoen alde. Une honetan, hirugarren postuan dago Hernani, eta jomuga da goiko postuetan mantentzea. 

Bere aldetik, mutilek etxetik kanpo jokatu zuten igandean. Iruñeko Navarmutilak taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta norgehiagoka parekatua izan arren, aldearekin irabazi zuten hernaniarrek, 0-3ko emaitza lortuta. 

 

Emaitza onak izan dituzte gainerako taldeek

Talde nagusiek ez ezik, gainerakoek ere izan dituzte partiduak asteburuan. Eta, oro har, emaitza onak izan ditu Hernanik. Talde nagusienei begira, jubeniletan, nesken 1 taldeak 3-0eko porrota jaso zuen Zarautzen. 2 taldeak, berriz, 0-3 irabazi zuen Fortunaren kontra. Bere aldetik, mutilen jubenilen taldeak ere 3-0 garaitu zuen Zarauzko Salbatore Mitxelena taldea. 

Denera, 13 talde ditu Hernanik aurtengo denboraldian. Gero eta jokalari gehiago ditu klubak, eta ederki ari dira guztiak, maila ona erakutsita. Eta, hain zuzen ere, horixe dute helburu, kluba osatzen eta indartzen jarraitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!