Gizon bat atxilotu dute Garbigunean lapurtu eta kontenedore baten barruan ezkutatzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 7a, 12:17

Garbiguneko alarma aktibatu eta, hara bertaratzean, 46 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, gaur goizaldean, lapurreta delitua egotzita.

Garbiguneko alarma aktibatu da gaur goizaldean, eta segituan bertaratu da Hernaniko Ertzaintzako patruila bat, zer gertatu den ikustera. Hasieran, ertzainek ez dute inor ikusi. Baina, gero, birziklatze-zentroko kontenedoreak errebisatzen hasi direnean, gizon bat aurkitu dute horietako batean. Ezkutatuta zegoen, Ertzaintzak ez ikusteko helburuarekin. Gizonak motxila barruan zituen Garbigunetik hartutako kobrezko kablea eta mozketak egiteko zenbait erreminta. 

Hori ikustean, gizona atxilotu dute ertzainek, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Gainera, Ertzainak jakitera eman dutenez, gizonak polizia-aurrekariak ditu horrelako egintzekin, eta, une honetan Hernaniko Ertzain-Etxean dago atxilotua. Aurreratu dutenez, gaur goizean jarriko dute Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!