Energiaren prezioaren igoera latzari eustea lortu du Iberpapelek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 7a, 00:00

Azken hiruhilekoan «aurreikusi gabeko kostu haundiak» izan arren, aurreikuspena «positiboa» da.

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, Iberpapel enpresaren negozio-zifraren zenbateko garbia 230.790 mila eurora hazi da. Alegia, %40,17ko igoera izan du aurreko ekitaldiko aldi berarekin alderatuta, «ingurune makroekonomiko eta geopolitiko ezegonkorrari aurre egiteko zehaztutako prezio-politikari esker».

Hala ere, hirugarren hiruhilekoak izan zuen eragin arautzaileagatik, Iberpapelek Hernanin dituen kogenerazio plantak geldituta egon dira. Ondorioz, azken hiru hilabeteetan izan dira «aurreikusi gabeko kostu haundiak». Horrenbestez, EBITDAk %17,06 egin du behera, 16,47 milioi euroraino, eta mozkin garbia 6,2 milioi eurotan itxi da.

Hala ere, 17/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez onartutako legedi berriari esker, egoera hori berrikusiko dela ziurtatu dute, eta energiaren arloan premiazko neurriak hartuko dira, eta aldez aurreko gas-kontratuak ere amaitutzat emango dituzte. Hori horrela, azken hiruhilekoari begira, «bilakaera positiboagoa» aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!