Mendizale Asteak ez du hutsik egingo, eta gaurtik hurrengo igandera arte luzatuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 7a, 00:00

Gaztetxoen domina-banaketa, 2020ko Mendizale Astean.

Mendiriz Mendik antolatuta, azaroaren 20ra arte izango dira mendiarekin eta mendizaletasunarekin lotutako saioak, Biterin. 

Mendizale Astea antolatu du aurten ere, Mendiriz Mendi taldeak. Gaurtik hasita hurrengo igandera arte, mendiarekin eta mendizaletasunarekin lotutako ekintzak izango dira. Gehienak Biterin izango dira, arratsaldetan, eta, bertaratzeko, ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Mendiriz Mendiko bazkideei ez ezik, herritar guztiei luzatu die bertaratzeko deia, interesgarria izango baita prestatutako agenda. 

Gaurkoan, Aitor Igiñitz-ek irekiko du egitaraua. Eta ez da nolanahiko irekiera izango; izan ere, andoaindarrak aurkeztuko ditu azken 16 urteetan bizikletaz egin dituen ibilbideak eta bizitako pasadizoak. Igiñitzek bost kontinenteen barrena bidaiatu du gurpilen gainean, eta, horrekin, ezagutu ditu munduko mendikate garrantzitsuenak (Himalaya, Karakorum, Pamir, Andeak…) eta baita basamortu gogorrenak ere (Namib, Kavir, Taklamakan, Gobi…). 

 

Bazkide eguna ospatuko dute azaroaren 20an

Gaurko aurkezpenetik hasita, etenik ez du izango Mendizale Asteak hilaren 20ra arte. Aipatu moduan, saio guztiak Biterin izango dira, 19:30etan hasita. Hori bai, gaztetxoena 18:00etan izango da, datorren ostiralean. 

Eta bazkide guztiei aitortza egiteko asmotan, Bazkide Eguna izango da egitarauko azken egunean. Irteera antolatu dute Lizarragatik San Adriango ermitara. Horrekin amaituko dute aurtengo Mendizale Astea, eta datorren urtera arte agurtuko dute ospakizuna.

 

MENDIZALE ASTEA, Mendiriz Mendik antolatua

Gaur, 'Mundua arnastu nahian'. 19:30etan, Biterin.

Bihar, 'Aconcagua-Harria egarri'. 19:30etan, Biterin.

Azaroak 9, 'Oporretan'. 19:30etan, Biterin. 

Azaroak 10, '75 urte, 75 tontor eta gehiago'. 19:30etan, Biterin. 

Azaroak 11, Gaztetxoei zuzendatuko saioa. Irteeretako argazkien bilduma ikusteko aukera eta dominak banatuko dira. 18:00etan, Biterin. 

Jarraian, XLIII. Argazki lehiaketa. Sari banaketa eta ondoren irudi proiekzioa, Biterin. 

Azaroak 20, Bazkide Eguna. Mendi irteera: Lizarraga-San Adrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!