Zortzi urteko espetxe zigorra, 2020ko abuztuan gizon bat hiltzen saiatu ziren hiru gizonentzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 6a, 00:00

Gartzia Goldarazeko parkean gertatu zen hilketa saiakera. Kartzela zigorraz gain, 25.950 euroko kalte ordaina eman beharko diote.

2020. urteko abuztuan, Correoseko bulegoko atzealdeko Gartzia Goldarazeko parkean, herritar bat hiltzen saiatzeagatik akusatutako hiru gizonei zortzi urteko kartzela-zigorra eta 25.950 euroko kalte ordaina ezarri diete. Gainera, urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote emakume bati, laugarren akusatuari, biktimari heriotza-mehatxuak egitea egotzita.

 

14 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen Fiskaltzak

Aurtengo irailean izan zen epaiketa, Donostiako Epaitegietan. Gipuzkoako Fiskaltzak 14 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen hiru akusatuetako bakoitzarentzat, hilketa saiakera delitua egotzita. Nolanahi ere, gertaera argituta, zortzi urtekoa izan da ezarritako espetxealdia. Gertaera izan zenetik, akusatuak behin-behineko espetxeratzean izan dira, eta guztiek ukatu izan dute egozten zitzaien delitua. Are gehiago, diotenez, bitxi batzuk erostera joan ziren parkera, eta biktimak hasi zuen liskarra.

Esanak esan, frogatutzat jo diren gertakariak Gartzia Goldaraz kaleko parke batean gertatu ziren, Correos atzealdean, biktima zegoen lekuan. Hiru kondenatuak parkera bertaratu ziren, eta, eztabaida baten ondoren, «ukabilkadak, ostikoak eta bultzadak ematen hasi zitzaizkion». Horren ondorioz, aldapan behera erori zen gizona, eta trenbidera botatzen ere saiatu ziren. Gero, haietako bik eusten zioten bitartean, adingabeko batek arma txuri batekin ziztadak ematen hasi zitzaion. Azken horri, ekintza horrengatik, Adingabekoen Epaitegiak epaitu eta kondenatu zuen. Horrez gain, adingabekoaren labankadaren ondoren, beste erasotzaile bat beste ziztada bat ematen saiatu zen, baina lekuko bat tartean sartu zen, eta, azkenean, ihes egin zuten erasotzaileek.

Bere aldetik, erasoa jasan zuen gizonak pneumotorax larria izan zuen, eta ebakuntza egin behar izan zioten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!