Emakume bat atxilotuta Hernanin, kotxe batetik lapurreta egiteagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Beste bi pertsonarekin batera, 1.000 euro zeuzkan diru-pakete baten lapurretan parte hartu zuen atxilotuak.

53 urteko emakume bat atxilotu zuen Ertzaintzak, asteazkenean, kotxe baten barrutik lapurreta egitea leporatuta. Dirudienez, beste bi pertsonarekin batera lapurtu zuen 1.000 euro zeuzkan diru-paketea, kotxetik.

Lapurretaren biktima banketxe batean gestio batzuk egitetik atera berria zen, eta diru-kopuru haundia zeukan paketea utzi zuen bere kotxeko kopilotuaren eserlekuan. Kotxea martxan jartzen hasi zen momentuan, gizon bat eta emakume bat saiatu ziren bere arreta erakartzen, esanez kalean giltza batzuk erori zitzaizkiola. Bi pertsona horiekin hizketan hasi zen biktima, eta orduan, konturatu zen hirugarren pertsona batek bere kotxeko atea ireki zuela, eta dirua zeukan paketea hartuta ihes egin.

Hirugarren horrek paketea hartu bezain laster, beste biek ere ihes egin zuten, korrika. Hiruen atzetik abiatu zen biktima, eta emakumea harrapatzea lortu zuen. Bertan erretenitu zuen, ertzainak iritsi bitartean.

Beharrezko frogaketak egin zituzten Ertzaintzaren agenteek, gertaeraren tokian. Jarraian, ustezko lapurra atxilotu zuten, eta polizia-egoitzara eraman, auto batean lapurreta egitea leporatuta.

 

Ikerketa zabalik, lapurretan parte hartu zuten beste bi pertsonak identifikatzeko

Atxilotutako emakumea ostegun goizean jarri zuten Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku. Ertzaintzak jakinarazi duenez, ikerketa zabalik dago, lapurretan ustez inplikatuta dauden beste bi pertsonak identifikatzen saiatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!