Esku pelotak egun haundia bizituko du gaur Hernanin, goizetik iluntzera luzatuko den festarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Txuriz jantzita egongo dira pelota eskolako kide guztiak, Pelota Egunari hasiera emango dion partidua ikusten.

Pelota Egunaren antolatu du, aurreneko aldiz, CD Hernaniko esku pelota sailak. Partidu ikusgarri batekin emango diote hasiera, eta esku pelotari eta entrenatzaileen aurkezpen ekitaldia, jolasak, bazkaria eta musika ere izango dira.

Esku pelota izango da protagonista gaur, egun osoan zehar, Hernanin. Eta ez frontoian bakarrik, baita Tilosetan eta Atsegindegin ere. Izan ere, Pelota Eguna antolatu du CD Hernaniko esku pelota sailak, aurrenekoz.

Behar bezala hasiko dute ospakizuna: esku pelota partidu ikusgarri batekin. Goizeko 11:00etan hasita, Gipuzkoako Txapelketako semifinala jokatuko dute Paul Ojuelek eta Markel Lizeaga, nagusien lehenengo mailan. Bergarako Etxaniz eta Gartzia izango dituzte kontrario. Hernaniarrak dira faborito, bere eskarmentua eta etxean jokatzea alde dutela. Ligaxkan jokatutako zazpi partiduak irabazi dituzte, gainera. Baina maila onean ari da Bergarako bikote gaztea ere, eta ez dute partidu erraza izango Ojuelek eta Lizeagak.

Ikuskizuna ziurtatuta dago, nolanahi ere; eta girorik ez da faltako harmailetan. Bertan izango dira CD Hernaniko esku pelotari guztiak, txuriz jantzita, animoak emateko prest. Eta herritarrei ere luzatu diete deia, partidua ikustera gerturatzeko.

 

Esku pelotarien eta entrenatzaileen aurkezpen ekitaldia, eguerdian Tilosetan

Partidua bukatuta, elkarrekin joango dira denak, frontoitik Tilosetara, bertan izango baitu segida ospakizunak. Hain justu, eguerdiko 12:00ak aldera egingo dute ekitaldi nagusia: bertso saioaren ondotik, klubeko esku pelotariak eta entrenatzaileak aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Jolasekin emango diete segida Pelota Egunari, Tilosetan bertan, 12:30ak aldera. Adin guztietako esku pelotariak eta gurasoak arituko dira, mota guztietako jolasetan: benjaminak lokotx bilketan, alebinak arrautzaren jolasean, infantil, kadete eta jubenilak zaku lasterketan, eta seniorrak eta gurasoak globoaren jolasean. Ondoren, gainera, elkarrekin ariko dira denak barru jolasean, Tilosetako frontoian.

Baina horrekin ez da bukatuko festa, noski. Atsegindegin izango dute hurrengo hitzordua, 14:15ak edo 14:30ak aldera: paella-jatea egingo dute bertan, eta zozketak ere bai, kafe garaian. Eta eguna borobiltzeko, musikak ere ez du hutsik egingo. Jon Izagirre disko jartzailea arduratuko da esku pelotari, entrenatzaile eta guraso guztiak dantzan jartzeaz, 17:00etatik 19:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!