'Hesia urraturik' oratorioa aurkeztuko du, Goikoetxeak hilaren 14an

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Joxan Goikoetxea hernaniarra.

Azaroaren 14an izango da emanaldia, Bilboko Arriaga Antzokian, arratsaldeko 19:30etan. 

Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak Hesia urraturik oratorioa aurkeztuko du azaroaren 14an, Bilboko Arriaga Antzokian, arratsaldeko 19:30etan. Bizkaiko hiriburuko Udaleko Euskara sailak sustatzen duen Literatura eta Musika euskaraz zikloaren baitan, hain zuzen ere. Aurtengoa, 12garren edizioa da, eta edizio bakoitzetik euskal idazle eta musikari ugari igaro dira. 

2010ean egin zen ziklo honen lehenengo edizioa, eta bertan, Xabier Letek bere azken agerraldietako bat eskaini zuen jendaurrean, Egunsentiaren esku izoztuak liburuaren aurkezpenari amaiera emateko, Joxan Goikoetxea bera akordeoiarekin laguntzaile zuela. Urte hartan bertan zendu zen Lete, eta horregatik, hernaniarrak erabaki zuen obra honen sorkuntzari ekitea.

Goikoetxea, beraz, «Literatura eta Musika euskaraz» ziklora ganbera formatuan itzuliko da, errezitaldi historiko haren esparrura, 2020an bertsio sinfonikoan estreinatu eta ondoren disko-liburu formatuan argitaratu zen lan honen egokitzapen berezia eskaintzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!