Xabat Alonso hirugarren Aian, Aitor Agirrerekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Xabat Alonso hernaniarra.

Mendi duatloia erreleboka irabazi zuen hernaniarrak, aurreko larunbatean, zumaiarra bikotekide zuela.

Mendi duatloietan protagonista izaten jarraitzen dute hernaniarrek, errelebo probetan bereziki. Eta oraingoan, Xabat Alonsoren txanda izan da: hirugarren izan zen Aiako mendi duatloian, Aitor Agirre zumaiarrarekin bikotea osatuta.

Korrikako bi sektoreak osatu zituen Alonsok: lau kilometro pasatxo aurrena, 21:22 denboran; eta beste bi kilometro inguru bukaeran, 10:31 denboran. Tartean, 19 kilometro inguru egin zituen Agirrek bizikletan, 1:10:41 denboran. Horrela, guztira 1:42:34 behar izan zuten ibilbidea osatzeko. Aurretik helmugaratu ziren Aiako bi bikote: Ibai Makazaga eta Eneko Gonzalez (1:36:21), eta Mikel Usandizaga eta Haritz Erasun (1:37:58).

Beste bi hernaniar ere izan ziren partehartzaileen artean, errelebo proban: elkarrekin aritu ziren Gorka Lopez de Arregi eta Iñaki Etxenike. Etxenikek osatu zituen korrikako bi sektoreak (25:46 eta 12:19 egin zuen, hurrenez hurren), eta Lopez de Arregi ibili zen bizikleta gainean (1:39:07). 23garren postuan bukatu zuten, 2:17:12 denborarekin.

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko proba izan zen Aiakoa, aurrekoak bezalaxe. Eta asteburu honetan, beste hitzordu bat izango du zirkuituak: Kanpezun jokatuko da mendi duatloia, bakarka zein erreleboka, gaur arratsaldeko 14:00etan. Beste bi proba geratzen dira, aurtengo zirkuitua bukatzeko: azaroaren 12an Iruritan, eta hilaren 26an Igartzan (Beasain).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!