Konpromiso gogorra Zarautzen, Ohorezko B Mailako taldeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Nabarmen nagusitu zen Hernani aurreko asteburuan, Uribealdearen kontra.

Zarautzen kontra jokatuko du Hernanik bihar, 12:00etan Astin. Orain arteko partidu zailena izango dute.

Hiru partidutan hiru garaipen, eta bitan erasoko bonusa: 14 puntu dagoeneko. Primeran hasi du denboraldia Hernanik, mutilen Ohorezko B Mailan. Eta orain arte erakutsitako maila ona berresteko, proba gogorra izango dute trikoloreek bihar: Zarautzen zelaian jokatuko dute, Astin, eguerdiko 12:00etan hasita. Sailkapenean nabarmen atzerago dago talde zarauztarra, 7 punturekin bosgarren; baina ligako talde indartsuenak izan ditu aurrez aurre, eta lan haundia eman die: berdindu egin zuen Getxorekin, eta estu eta larri nagusitu zitzaion Independiente (15-9). 

Oso talde arriskutsua dela erakutsi du Zarautzek, eta bere maila onenean aritu beharko dute hernaniarrek, lidertzari eutsi nahi badiote. Aurreneko hiru partiduetan, behintzat, zailtasun guztiei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du Hernanik, eta baita dizdira haundia ere, hainbat momentutan.

Partidua zuzenean ikusteko aukera izango da internet bidez ere, ferugby.tv webgunean.

 

Taldea osatuta, estreinako partidua neskek Eibarren

Denboraldian aurrenekoz jokatuko du gaur Hernaniko nesken talde nagusiak, Euskal Ligan. Orain arte, taldea osatu ezinik aritu dira trikoloreak. Horregatik, ezin izan zuten jokatu ligako aurreneko partidua; bigarren jardunaldian atseden hartu zuten; eta hirugarrena azaroaren 19ra atzeratu zuten, Bera Berarekin adostuta.

Baina oraingoan bai, dagoeneko taldea osatuta, zelaira aterako da Hernani. Eibarren jokatuko du bere estreinako partidua gaur, Unbe zelaian, eguerdiko 13:30etan hasita. Arrasate-Eibar taldea izango du aurrez aurre.

Datorren asteburuan, berriz, aurrenekoz jokatuko luke Hernanik etxean. Uni Bilbao hartuko du Landaren, larunbat arratsaldean, 16:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!