Txakurra maskota gisa duenak ziurrenik bere esku dagoen guztia egingo du animalia osasuntsu eta zoriontsu haz dadin. Etxeko maskota hauen bizi-itxaropena, 10 eta 14 urte bitartekoa izan ohi da, arrazaren arabera edo tamainaren arabera. Eta urte guzti horietan gure etxeko maskota zaintzeko eta osasuntsu egoteko, hainbat aholku eman dituzte herriko albaitariek, ile-apaindegiek eta txakurretan adituek, hala nola, Canexionek, Orekan Bordak, Orkolaga Albaitariak, kale nagusiko albaitari eta ile-apaindegiak, eta Korapilo animalien ile-apaindegiak. Animalien zaintza eta osasunerako aholkuez gain, eskaintzen dituzten zerbitzuen berri ere eman dute.
Obesitatea duten txakurren kopurua esponentzialki igo da azken urteotan, eta hori saihesteko, garrantzitsua da elikagaiak kontrolatzea eta ariketa fisikoa egitea. Pisu osasuntsu bat mantentzeaz gain, nutrizio on batek lotura zuzena du txakurraren zahartzaroarekin, izan ere, ondo elikatzen den txakurrak, zahartzaro «hobea» izango duela diote aditu askok. Horretarako, beti bilatu behar dira elikagai seguruak eta animaliari bere organismoak behar dituen mantenugai guztiak ematen dizkiotenak. Horren haritik, alimentazioaren garrantzia nabarmendu du, Orkolaga albaitaritzak: «34 urte daramazkit albaitaritzan, eta alimentazioak eduki du eraldaketa nabarmen bat, txakurren kasuan. Aldaketa hau izan da, batez ere, prestatutako jakietan. Geroz eta kalitate hobeagoko pentsuak daude. Nik profesionalki ikusi dut, gaur egun txakurrentzako prestatuta dauden alimentuek, txakurraren bizi kalitatea hobetzen dutela, eta ez da hori gertatzen etxean prestatutako zerbaitekin». Eta Orkolagako albaitaritzaren ustez, prestatutako elikagaietan egokiagoa izaten da elikagai lehorra, bustia baino: «hobe da pentsua ematea txakurrari, lata bat baino. Gure albaitaritzan ez gara zentratzen alimentuak eta jakiak saltzen, guk aholkulari lana egiten dugu gehienbat».
Orkolaga Albaitaritzak, argi du: «Katuaren edo txakurraren alimentazioak izan behar du kalitatezkoa eta uniformea. Azken hau azpimarratu nahi dut. Izan ere, azken urteotan, txakurra duten jabeek jakia aldatzeko ohitura hartu dute, txakurra aspertu egingo delako beti berdina jaten. Eta ez da horrela. Demagun, txakur bat naizela: gaur arroza jartzen didate, beroa eta goxoa. Bihar, aldiz, jabeak denborarik ez duenez pentsua ematen dit, hori nazka! Txakurrari ohitzen badiozu beti berdina jatera, ordu berean eta kantitate berdinekin, txakurra zoriontsu egongo da. Eta katuekin berdin. Kasu hauetan, jabeak bere intentzio onarekin egiten badu ere, antsietatea sortu dakioke animaliari, eta azalean alergiak eragin ditzake. Kalitatezko elikagaiak ematen badizkiozu animaliari, geroz eta gutxiago bisitatuko du albaitaria».
Era berean, animalien elikagaietan eta nutrizioan badugu beste aditu bat herrian: Canexion. Eta aitortu du animalia osasuntsu egoteko gakoa elikagaiak egokitzea dela: «animaliaren tamainaren, metabolismoaren, adinaren eta egoera fisikoaren arabera. Badaude alergiak dauzkaten txakurrak, edo intolerantziak dituztenak, beraz, faktore hauek ere kontutan izan behar dira, animalia modu egoki batean elikatzeko». Beraz, Canexionek txakurren punta-puntako alimentuak eskaintzeaz gain, aholkularitza ere eskaintzen du: «animaliaren ongizatea delako guretzat garrantzitsuena».
Ariketa fisikoa eta entretenimendua
Arraza batzuek besteek baino ariketa gehiago behar badute ere, txakur guztiek atera beharko lukete egunero paseatzera. Jarduera fisikoak, onura psikologiko eta fisiologiko haundiak ditu haientzat. Eta adituek diote, ariketa fisikoak, berez, txakurren bizi-itxaropenean eragina duela, hau luzatuz, eta askotan, gaixotasun batzuetatik babestuz. Orkolaga albaitaritza argi mintzo da: «Ez da ariketa fisikoa garrantzitsuena, baizik eta entretenimendua. Jolasak oso garrantzitsuak dira txakurraren garunerako. Ariketa fisikoa egiten, gorputza bakarrik jarriko da martxan eta hau beharrezkoa bada ere, garrantzitsuagoa da garuna aktibatzea. Eta horretarako, eremu ezberdinak ezagutu behar dituzte etxeko animaliek. Txakurren paseoak orekatuak izan beharko lukete, esan nahi dut, hobe da egun osoan zehar tarte txikietan maiz ateratzea, egun osoan etxean egon eta behin denbora luzez ateratzea baino». Beraz, garrantzitsua izan ohi da jolasen eta jardueren bidez, txakurraren burua modu aktibo batean mantentzea: «eta honek denbora kentzen du, baina gure iritziz denbora dedikatu behar zaio txakurrari».
Canexionek azpimarratu du, gaur egungo gizartea ohitu dela txakurra etxean edukitzera, eta ahaztu egin zaigula txakur bakoitzak bere instintua duela: «batzuk dira, artzai txakurrak, ehiza txakurrak... Eta gizakiok, lan hori guztia kendu diegu. Beraz, hori kentzeak ez du txakurraren instintua alde batera uzten. Eta honekin esan nahi dut, ariketa fisikoa eginda eta garuna aktibo mantenduz, modu batera, instintu hori askatzen lagunduko diegula txakurrei. Jokoekin eta ariketa fisikoarekin, instintiboki egingo zuten lana ordezkatzen dugu, nolabait esateko. Hala ere, ariketa fisikoa bere tamainan, eta txakurraren arabera, beti».
Garbitasuna ere, osasuna
«Garbitasuna ere osasuna da», hala dio Korapilo animalien ileapaindegiak. Txakur baten higieneak ohiko garbitasun-ohiturak eskatzen ditu, besteak beste, bainatzea, orraztea, hortzak edo belarriak garbitzea... Izan ere, txakurraren garbitasunak, txakurra osasuntsu egotea bermatzen du. Gaur egungo zaintza asko aldatu dela ohartarazi du Korapilo animalien ileapaindegiak: «lehen txakurrak etxeko atarian edo baserri kanpoan bizi ziren, gaur egun ordea, etxe barruan bizi dira txakurrak, asko behintzat. Eta horrek zaintza hobetu du. Egun, txakurrak garbiago datoz, etxean bizi direlako. Geroz eta tendentzia gehiago dago animalia garbi mantentzeko, eta ileapaindegira ekartzeko». Korapilok dio, oso garrantzitsua dela garbitasuna eta zaintza: «kontrol bat eraman behar da, parasitoena batik bat, eta guk etortzen den txakur bakoitza ikuskatzen dugu, arkakusoengatik edo dena delakoengatik».
Etxeko animalia iletsu maitagarrien azazkalez ere jardun du Korapillok, honakoa azpimarratuz: «azazkalak mozteko kontu haundiarekin egin behar da, beraz, guk gomendatzen dugu aditu batek egitea, izan ditzakeen ondorioak saihesteko».
Amorruaren aurkako txertoa, nahitaezkoa EAEn
Txakurra dutenek, seguruenik, jakinaren gainean egongo dira txakurraren amorruaren aurkako txertaketa nahitaezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak urriaren 10an argitaratu zuen Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren Aginduz.
Orain arte, txakurren amorruaren aurkako txertoa gomendatzen zen animaliak 3 edo 4 hilabete betetzen zituenean. Orain, gomendioa izateari utzi eta betebeharra izango da Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hala, Canexionek amorruaren txertoari buruzko xehetasunak eman ditu: «Guk hiru urterako balio duen txertoa jartzen dugu. Justu, orain, amorruaren txertoa nahitaezkoa da EAEn. Lege berri honek dio, nahitaezkoa dela, 6 hilabetetik gorako txakurrak txertatuak egotea». Eta amorruaren txertoa jartzeak duen garrantzia ere azpimarratu du, jarraian: «Helburu argi bat du txerto honek, amorruaren gaixotasuna erauztea. Gaixotasun hau oso larria da, eta ugaztunen artean transmititzen da, gizakiak barne. Hori oso garrantzitsua da, ugaztunak garenok kutsatu gaitezke, eta horregatik txertatu behar dira txakurrak. Gaixotasun honek ez du sendagairik. Beraz, kontu serioa da».
Txakurren bigarren etxea, Orekan
Oporretarako planak egiterako garaian, batzuetan, oztopo izaten dira txakurrak. Izan ere, eremu askotan ez dituzte animaliak onartzen, eta badaude oporretara joan gabe gelditzen diren jabeak, ez dutelako txakurrak uzteko tokirik topatu. Kasu honetan, Hernanin, bada Orekan izeneko borda, eta eskaintzen dituzten zerbitzuen xehetasunak helarazi dizkigute: «Guk ematen dugun zerbitzua urte osokoa da. Esan nahi dut, txakurra Orekan Bordan eduki dezake nahi duen orok. Guk egunero zaintzen ditugu txakurrak, egunero elikatuz eta egunero hauek garbituz. Eta hemen daukagun zelaian ibiltzen dira, gustura asko. Bezeroak aukera dute nahi dutenean etortzeko txakurrarengana, izan ere, bakoitzak Orekan Bordako giltza du, eta beraz, nahi dutenean egon daitezke txakurrarekin. Egunean lau aldiz nahi badute etorri, edo urtean lau aldiz, hori bakoitzaren esku dago. Baina bezero bakoitzak ateak irekita ditu, beti». Txakurren bigarren etxea ere izan daiteke Orekan Borda, hala ziurtatu dute bertako jabeek: «Hemen eskaintzen diegu txakurrei bizitzeko eta lo egiteko lekua, beste txakurrekin harremanduz. Gure bezeroen kasuan, gehienak ehiztariak izaten dira, eta hauek askotan etortzen dira txakurrarengana. Edonola ere, txakurrak behar duten arreta jasotzen du gure partetik».
Horrez gain, oporraldietarako zerbitzua ere ematen du Orekan Bordak: «askotan jendea joaten da oporretara eta ez daki zer egin txakurrarekin. Kasu horietarako gaude gu, aste baterako, hilabeterako, bi egunetarako... txakurrentzako bigarren etxea gara». Hala ere, txakurren segurtasuna bermatzeko, urteko txertoa jarrita izatea eskatzen du Orekanek: «Pentabalentea da eskatzen duguna, txerto honek, bost gaitzetatik babesten du txakurra. Horrez gain, beste txerto bat dago, zakur eztula saihesten duena eta hau ere eskatu egiten dugu, beti txakurraren osasuna bermatzeko».
Argi gelditu da, beraz, bailaran badauzkagula txakurren osasunean eta ongizatean buru-belarri jarduten duten adituak. Eta horregatik, zalantzarik ez izan, etxeko animalia iletsu eta maitagarria osasuntsu eta zoriontsu haz dadin badauzkagula laguntzaile ederrak.

