«Jarrai dezagun bidea elkarrekin egiten eta gure herriko altxorrak ezagutzen»

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 3a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea eta Jokin Otamendi Aranzadiko Lehendakaria, atzo.

Aranzadi Zientzia Elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta, atzo, Udalarekin hitzarmena berritzeaz gain, gogorarazi zuen Hernaniko Udala izan zela bazkide egiteko proposamena luzatu zuen lehenengo Udala.

Zita berezia izan zen atzo eguerdian, Hernaniko udaletxean. Bertan elkartu ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Udaleko zenbait ordezkari, data zehatz bat gogora ekartzeko eta elkarren arteko hitzarmena berresteko. Hain zuzen ere, Elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta, ospakizun horrekin batera, atzoko aurkezpenean gogorarazi zuten Hernaniko Udala izan zela lehenengo Udal afiliatua. «Oso data garrantzitsua da, eta efemeride hori gogora ekarri nahi dugu. Izan ere, 1949ko maiatzean, Udal Plenoak erabaki zuen Aranzadin sartzea. Aktan adierazita dago erabaki hori, eta ohore haundia da guretzat zuekin urte hauetan guztietan lankidetza mantendu izana», nabarmendu zuen Xabier Lertxundi alkateak. 

Lertxundirekin batera, aurkezpenean hitza hartu zuen Jokin Otamendi Aranzadiko Lehendakariak. «Aranzadiko ar­txiboko dokumentuek zein Her­naniko Udal Artxiboko aktek ematen dizkigute lehenbizi­ko pausu horien testigantzak, eta irakur daiteke nola orduko zuzendaritza batzarrak proposamena onartu zuen. Hernaniko Udalak emandako laguntzari esker, Euskal Herri osoko beste erakunde eta Udal batzuek bat egin zuten gurekin». Eta, hari horri tiraka, «orainaren ikertzaile ez ezik, oroimenaren zaintzaile ere bagaren heinean», hainbat datu eman zituen Otamendik.

«Aranzadi, ofizialki, 1947an sortu bazen ere, elkartearen ibilbidea urte batzuk lehenago hasi zen, zientzia maite zuten hiru ikertzaileri esker. Joxe Miguel de Barandiaran, Telesforo de Aranzadi eta Enrique Eguren izan ziren, 30. hamarkadan, Gerra Zibila hasi aurretik bide horri ekin ziotenak. Garai haietan, Euskal Herriko bazter guztiak ikertzen aritu ziren, helburu moduan zientziaren munduan egiten ziren galdera jakin batzuei erantzun nahian: Nondik gatoz? Zeintzuk dira euskaldunon jatorriak?». Ordutik, makina bat gorabehera izan zituztela aipatu zuen Otamendik: besteak beste, Gerra Zibila, burokrazia, edota frankismoa. Nolanahi ere, oztopo guztiak gaindituta, elkartea eratu bezain laster, 75 sarrera-eskaera jaso zituzten. «Horietako askok, ikasketak zituzten eta haien denboraren eta diruaren zati bat zientziarako zaletasunean inbertitu zezaketen klase aberatsetako pertsonak ziren». Eta testuinguru horretan agertu zen Hernaniko Udala, Hernanikoa izan baitzen bazkide egiteko proposamena luzatu zuen lehenengo Udala.

«Apustua egin genuen eta orain, berretsi egingo dugu. Elkarrekin egindako proiektuen eta ikerketen zerrenda ikaragarria dugu, eta elkarlana berritzeko momentua da; jarrai dezagun bidea elkarrekin egiten eta gure herriko altxorrak ezagutzen», helarazi zuen Lertxundik. 

 

Hitzaldi zikloa gaur eta tailerra larunbatean

75. urteurrenaren bueltan, Aranzadik hitzaldi zikloa antolatu du gaurko: Urumea bailara: zena eta dena. Urumea bailarako ondare naturala eta kulturala hizpide. Hitzaldi bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du. «Horrela, Urumea ibaiak bere historian izan duen bilakaera bertatik bertara ezagutu ahal izango dugu», aipatu dute.

Hitzaldi guztiak Udalak antolatu ditu Aranzadirekin elkarlanean, eta Biterin izango dira, arratsaldeko 18:30etan hasita, doako sarrerarekin.

Bestalde, larunbaterako, hilaren 5erako, historiaurreko tailer familiarra ere antolatu du elkarteak. «Herri haietako bizimoduak sakonki eza­gutuko ditugu». Akolako atsedenlekuan izango da egitasmoa, eta euria eginez gero Ereñotzuko frontoian izango da. Sarrera doakoa da, aurretiko izen-ematearekin. Honako hauxe da horretarako esteka: bibe.me/ekitaldiak-aranzadi.

 

'URUMEA BAILARA: ZENA ETA DENA'

Azaroak 3: Hitzaldi zikloa (18:30-20:00, Biterin)

  • Hitzaldia: 'Urumea bailara historiaurrean: Paleolitotik erromatarren konkistara'. Hizlaria: Manu Ceberio, Aranzadiko arkeologoa. 
  • Hitzaldia: 'Izokin-arrantzaren historia Urumean'. Hizlaria: Josu Narbarte, Aranzadiko arkeologoa. 
  • Hitzaldia: 'Industria-ondarearen garapena Urumean zehar'. Hizlaria: Miren Garcia, Aranzadiko arkeologoa.
  • Hitzaldia: 'Uhandre piriniotarra: ur hotzetako erregina'. Hizlaria: Ane Fernandez, Aranzadiko herpeteologoa. 

Azaroak 5: Historiaurreko tailer familiarrak (11:00etan, Akolako atsedenlekuan)

Sarrera librea eta doakoa. Izena emateko: 'www.bibe.me'. Euria egingo balu, Ereñotzuko frontoian izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!